Lau telebistak lortu dute Debagoienean emititzeko lizentzia

Usoa Agirre 2007ko uzt. 18a, 11:24
Goiena Komunikazio Zerbitzuak, Gipuzkoa Televisión S.A. (Localia), Grupo de Medios Audiovisuales de Gipuzkoa (Localmedia) eta KTB (Vocento). Lau telebista horiek aurkeztu ziren Debagoienean lizentziak lortzeko eta lauei eman die lizentzia Eusko Jaurlaritzak.

Atzo, martitzena, jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak aurrerantzean zein tokiko telebistak izango duten lurreko telebista digitalen baimena. Jokoan 60 telebista lizentzia zeuden. Plangintza Teknikoaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa 15 barrutitan banatuta daude: Araban 2 barruti, Bizkaian 6 eta Gipuzkoan 7. Barruti bakoitzean multiple bana prestatu da, eta horietako bakoitzean lau telebista kate sartuko dira. Denera, beraz, 60 telebista katerentzat zegoen lekua. Gure barrutiari dagokionez, Debagoiena, lau tokiko telebistak lortu dute baimena.

Hamar urterako lizentzia

Hamar urterako lizentziak dira orain banatu dituztenak. Besteak beste, horrek ekarriko duen ondorioetako bat da hemendik urte batzuetara telebista guztiek modu digitalean emititu beharko dutela. GOITBri dagokionez, digitalerako jauzi hori lantzen badihardu.

Gehienez bi urte t'erdi barru Debagoienean lizentzia lortu duten lau telebistak emititzen egon beharko dira.

Hamaikarekin hitzarmena

Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkarteak eta Hamaika Telebista Hedatzeko Taldeak hitzarmena egin zuten. Goiena lekuko telebistak sustatzeko talde baten sartu zen, baina bere izaera, izena… gordetzen ditu, hau da, ez da Hamaikako kide bihurtzen. Hainbat abantaila izango ditu:
  • eskualdean modu digitalean emititzeko baimena lortzeari begira, Hamaika ez zen Debagoienean aurkeztu.
  • epe luzera, bere programazioa osatzeko aukera handiagoak izango ditu, baita berak ekoiztutako programak trukatzeko edo saltzeko ere.
Aurrerantzean, Goiena eta Hamaikaren arteko lankidetza zehaztu egingo da; adibidez, ekoizpen batzorde bat osatuko dute, eta GOITBren ekoizpen erdia taldeak sortutako eta kudeatutako programekin osatuko da.

Horren guztiaren truke, Hamaikak Goienaren kapitalaren %5 dauka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak