Lau mendi irteera aukeran asteburuan

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko abu. 3a, 11:30

Asteburuko kultura agenda jaiez eta mendi irteeraz beteta dator. Jaiak dituzue asteburu honetan Arrasateko Udala auzoan, Aramaioko Uribarrin edo Oñatiko San Lorentzon. Gainera, lau irteera egiteko aukera daukazue.

Mendi irteerak
Oñatiko Natur Eskolak antolatuta bi irteera egingo dira asteburuan Oñatin. Zapatuan, hilak 4, Aizkirri kobazulora egingo dute buelta. Mitologia eta historiaurrea du izena irteera honek. Aizkirri kobazuloa,Jentilen pasiolekua eta Sorginerreka ikusiko dituzte besteak beste. Iraupena: 4 ordu. Zailtasuna: Erraza. Salneurria:5€. Hasiera Puntua: 9:00etan Arrikrutz Kobetako aparkalekuan.

Domekan, hilak 5, Uraren Ibilbidea izeneko txangoa egingo dute. Errotak,urtegiak,ubideak,iturburuak eta Atxuloko begia ikusiko dituzte besteak beste. Iraupena: 4 ordu. Zailtasuna: Erraza. Salneurria: 5€ pertsonako. Hasiera puntua: 9:00etan Arrikrutz Kobetako aparkalekuan.

Aramaio inguruan ere bi txango egiteko aukera izango da asteburuan. Kasu honetan Zuiako koadrilak antolatuta. Zapatuan, hilak 4, Urkabustaiz ingurura egingo dute buelta. Goiuri, Izarra eta Abezia bisitatuko dituzte. Prezioa 4 euro da.

Domekan, berriz, Legutiora egingo dute itzulia. Legutioko gune historikoa, Olaetako eliza, ahabi saila eta Orein baserria zein Ibarra eta Azkoaga auzoak bisitatuko dituzte. Prezioa 4 euro da.

Ospakizunak

San Esteban eguna ospatzen ari dira Arrasateko Udala auzoan. 18:30ean Gorriti eta bere animaliak izango dira bertan. 22:30ean, berriz, erromeria egingo du Madinabeitia soinujoleak.

San Estebanak dituzte halaber Aramaioko Uribarri auzoan. Barikuan, hilak 3, mus eta briska txapelketa izango dituzte. Gauean, berriz, boleta txapelketa eta erromeria. Zapatuan, hilak 4, 12:00etan meza entzungo dute, 17:00etan haur jolasak izango dituzte eta gauean afaria auzotarrendako.

Oñatiko San Lorentzo auzoan ere hasi dituzte jaiak. Barikuan, hilak 3, 16:00etan jaurtiko dute jaiei hasiera emateko itxafleroa. Umeendako jolas parkea, MTB trabesia eta trikitilariak izango dituzte. Gauean, berriz, 22:30ean kontzertua egingo dute Motorsex, Sexty Sexers eta Bitz taldeek.
Zapatuan, hilak 4, trikipoteoa egingo dute. 16:30ean San Lorentzo Jaietako XIV. Mus Txapelketa ETEOko tabernan. 19:00etan saioa egingo dute Oñatiko Bertso Eskolako bertsolariek. 22.30ean erromeria eskainiko ud Oihergi taldeak.
Domekan, azkenik, meza entzungo dute 12:00etan. Jarraian Iturriaga eta Mendiluze bertsolariek saioa egingo dute eta 14:30ean auzo bazkaria egingo dute Larrain-Gain elkartean. Bazkalostean bertsolariak eta Laja eta Narbaiza trikitilariek alaituko dute.

Elgetan Salbador kalean astelehenean, hilak 6, ospatuko dituzte jaiak. 12:00etan, jai batzordeak salda banatuko du ermita ondoan. 12:30ean, meza esango dute ermitan. 13:00etan, txorizo eta tortila pintxoak banatuko dituzte borondate truk eta hiru txirlo txapelketa jokatuko da.13:30ean, sokatiran egingo dute Salbador kalekuek gainontzeko kalien kontra. Antolatzaileek desafioa egiten dute. "Egingo dabe talderen bat Salbadorrekuak ez diranek?". 15:30ean, 14.000 litroko igerilekua jarriko dute Maala parkean. 21:30ean, herri afaria egingo dute. 22:30ean, erromeria Gardokirekin.

Zinea
Zinea ikusteko aukera ere izango da. Barikuan, hilak 3, 22:30ean Arrasateko Monterronen, zine emanaldia egingo dute. Walt Becker zuzendariaren Cerdos Salvajes filma emango dute. Kalifikazioa: 7 urtetik gorakoendako.

Erakusketak
Eta erakusketei dagokionez, Eskoriatzan zabalik duzue Irakatsi gabeko irakasgaia izeneko erakusketa. Helburua da Espainiako gerra orain arte nola ikasi den eta gaur egun nola ikasten den erakustea. Irailaren 16ra arte egongo da ikusgai.

Bergarako Aroztegi aretoan, berriz, Carlos Ribera margolariaren erakusketa duzue ikusgai. Sortzez valentziarra bazen ere, Donostian egin zituen Riberak bere bizitzan pinturari eskainitako urterik oparoenak. Bergarako erakusketan, pintorearen akuarelak, olioak eta marrazkiak ikusi ahal izango dira.  Abuztuaren 19ra arte egongo da erakusketa zabalik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak