Lau debagoiendar auzipetuta, Batasuna, EHAK eta ANVren kontrako sumarioan

Julen Iriondo 2009ko abe. 2a, 16:14
Lau debagoiendar daude Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek Batasuna, EHAK eta ANVren aurkako auzian auzipetu dituen 43 lagunen artean. Aittor Arantzabal, Mikel Zubimendi eta Mikel Garaiondo bergararrak eta Ino Galparsoro Arrasateko alkatea dira. Garzonek sumarioa itxi eta zigor arloko bigarren salaren esku utzi du auzia, eta sala horrek erabaki behar du orain epaiketa egin edo ez. Ino Galparsororekin izan da Goiena Telebista. Arrasateko alkateak zalantza gutxi du epaiketa egin egingo dela.

Batasuna, EHAK eta ANVren kontrako sumarioan auzipetutako 43 lagunetan gehienak bezala, kartzelan daude gaur egun Aittor Arantzabal, Mikel Zubimendi eta Mikel Garaiondo bergararrak. Ino Galparsoro ere izan zen espetxean, eta badaki badaudela aukerak berriz ere, beste batzuekin batera, sartu dezaten; dio lehenago ere asko eraman dituztela euren ideia politikoengatik. ETAkide izatea leporatzen diete auzipetuei, “dena ETA da” baieztapenaren baitan, dio Galparsorok. Bere ustez, 43 auzipetuen artean Arrasateko alkate izateagatik dago, besteak beste: "Hor tartean dago iaz osoko bilkuran eztabaidatu genuen 'mozio etikoa'. Eta gero, herri batzuk beste batzuk baino erreferentzialagoak dira".

Epaiketa egin egingo dela uste du, baina ahalegintzen dela epaiketa horrek izan ditzakeen ondorioetan gehiegi ez pentsatzen: "Ni saiatzen naiz buruan gai hori gehiegi ez edukitzen. Gertatuko dena ez dago nere esku. Alkate izaten jarri behar dut indarra, eta saiatzen naiz horretan", dio Galparsorok.

Gisa honetako albisteen aurrean, baina, Ino Galparsorok ikusten ditu itxaropentsu izateko arrazoiak, eta Ezker Abertzaleak berriki Altsasun aurkeztutako planteamendua aipatzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak