Lasaitasuna nagusi greba egunean

Txomin Madina Milikua 2009ko mai. 21a, 17:20
Goizeko lehen orduetatik, sindikatuetako pikete informatiboak ibili dira herrietako lantegi zein komertzioetan, baina Ertzaintzatik adierazi digutenez ez da aparteko arazo edo istilurik egon. Grebak izan duen erantzuna, ezberdina izan da sektorearen arabera. Komertzioetan, lantegietan baino nabarmenagoa izan da grebaren eragina.

Lantegiei dagokienez, Mondragon Taldeko enpresa gehienek ez dute grebarekin bat egin. Hala, Arrasate, Oñati eta Eskoriatzako Fagorreko lantegiak eta baita Oñatiko Ulmako lantegi guztiak ere lanean egon dira. Grebari uko egin dioten beste enpresa batzuk izan dira Bergarako Candy Hoover, Metagra, Lazpiur eta Soraluze; Aretxabaletako Azbe eta Copreci; Antzuolako Matz-Erreka eta Goizper eta Oñatiko Betik eta Nemesio Zubia.

Grebarekin bat egin dute besteak beste, Oñatiko Zahor, Cegasa eta Garai lantegiek; Arrasateko Lasa eta Moldcamek; Antzuolako Elay eta Balzers Elayk; Elgetako Recydek, Bergarako Torunsa eta TTT lantegiek.

Beste hainbat enpresatan, langile bakoitzaren erabakia izan da lanera joan edo ez. Bergarako Tavexen esaterako, langile gehienak joan dira, baita Arrasateko Gelman ere. Sindikatuen arabera, Arcelorren langile gehienek greba egin dute.

Komertzioetan nabarmenago

Komertzioei dagokienez, grebak izan duen jarraipena nabarmenagoa izan da. Bergara erdigunean esaterako, goizean denda eta taberna gehienak itxita zeuden, baita Aretxabaletan ere. Oñatin, denda gehienak irekita egon diren arren, taberna gehienek ez dituzte ateak zabaldu. Arrasaten, Ibaiarte dendarien elkarteak erabaki zuen greba 18:30tik egitea: kasu honetan baina, hainbat izan dira goizean goizetik itxita egon diren dendak.

Komertzio handiei dagokienez, Arrasateko Hiper Eroski irekita dagoen arren, Bergarako Eroski itxi egin dute greba dela eta.

Osasuna

Osasun arloan, Debagoieneko Ospitaleak normaltasunez lan egin du, eta  herri bakoitzeko osasun zentroetan, langile bakoitzak erabaki du lanera joan hala ez. Bergaran esaterako, goizeko txandako hamar medikuetatik, lauk egin dute greba, eta administrazioan  zerbitzu minimoak izan dituzte. Oñatin, mediku gehienak joan dira lanera, administrazioan aldiz, langileen erdia inguru.  Aretxabaletan eta Eskoriatzan aldiz, ez dute grebarik egin.

Hezkuntza

Ikastetxeei dagokienez, Oñatin ikastetxe guztiek  ezetz esan diote grebari, eta Arrasaten, AEK eta Udal Euskaltegia izan dira grebarekin bat egin duen bakarrak. Beste eskola eta ikastetxe guztiek normal egin dute lan Arrasaten. Bergaran, San Martin Agirre eskola izan da normal lan egin duen bakarra; Aretxabaletan aldiz, Kurtzebarri herri eskolak bakarrik egin du greba. Antzuola, Eskoriatza, Elgeta eta Aramaioko herri eskolek greba egin dute; dena den, Elgetan esaterako, zerbitzu minimoak izan dituzte. Mondragon Unibertsitateari dagokionez, Arrasateko Eskola Politeknikoan irakasleek ez dute grebarik egin, bai ordea HUHEZIn. UNEDen ere, gehienek greba egin dute.

Administrazioa

Administrazioei dagokienez, Arrasaten eta Eskoriatzan kenduta, gainerako udaletxe guztietako langileek greba egin dute. Arrasaten, bozketan baiezkoa irten zen arren, emaitza ez loteslea izatea erabaki zuten. Hala, hainbat langile lanera joan dira. Biztanleen Arreta Zerbitzua esaterako, irekita egon da. Eskoriatzan, lanera joateko erabaki zuten udaletxeko langileek. Debagoieneko mankomunitateko langileek, greba egin dute.

Garraioan, Lurraldebusek zerbitzu minimoak eskaini ditu, eta Euskadiko Kutxan, zerbitzu zentralek  eta Arrasate, Eskoriatza, Oñati eta Aretxabaletako bulegoek normal lan egin dute. Bergaran, piketeak direla eta itxi egin dute Euskadiko Kutxaren bulegoa.

Balorazioak

Sindikatuek, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egin dituzte goizean zehar manifestazio nagusiak, eta adierazi dutenez, greba arrakastatsua izan da.

Confebaskek bere aldetik, greba porrota izan dela esan du; eman dituen datuen arabera, langileen %12 inguruk jarraitu du deialdia.

Eusko Jaurlaritzak bere aldetik, sektoreka eman ditu datuak. Hala, jaurlaritzaren esanetan, industrian langileen  %10-%20ak egin du greba, osasun arloan, %6ak eta administrazioan %10ak.

Egoera zehatza, herrika eta sektoreka

Lantegiak:

Arrasate

Fagor Arrasate:                 GREBARIK EZ

Fagor Elektratresnak (San Andres):     GREBARIK EZ

Fagor Elektragailuak (Garagartza):     GREBARIK EZ

Fagor Elektronika (San Andres):         GREBARIK EZ

Fagor Ederlan (Uribarri):             GREBARIK EZ

Fagor Automation (San Andres):         GREBARIK EZ

Gelma fundizioak:                 LANGILE GEHIENAK LANERA

Ikerlan:                     GREBARIK EZ

Euskadiko Kutxa (zentrala):         GREBARIK EZ

JMA:                         GREBARIK EZ

Lasa:                         GREBA

Utillajes Uribesalgo:                 GREBA

Asmobi:                     GREBARIK EZ

Alecop:                     BAZKIDEAK NORMAL LANEAN

Joma:                     GREBARIK EZ  

Polmetasa:                     EREa DELA ETA, LANGILE GUTXI LANEAN

Union Cerrajera:                 EREa DELA ETA, LANGILE GUTXI LANEAN

Bergara:

Candy:                     GREBARIK EZ

Arcelor Mital:                 LANGILE GEHIENEK GREBA

Geyser Gastech:                 EZ DUTE INFORMAZIORIK EMAN

Soraluce:                     GREBARIK EZ

Torunsa:                     GREBA

TTT:                         GREBA

Metagra:                     GREBARIK EZ

Lazpiur:                     GREBARIK EZ

Tavex:                     LANGILE GEHIENAK LANERA

Oñati:

Ulma taldea:                     GREBARIK EZ

Ulma Packaning:                 GREBARIK EZ

Ulma Hormigon Polimero:             GREBARIK EZ

Ulma Forja:                     GREBARIK EZ

Ulma Construccion:                 GREBARIK EZ

Hijos de Juan Garay:             GREBA

Cegasa (Energia portatil):             GREBA

Fagor Etxestresna Elektrikoak:         GREBARIK EZ

Fagor Industrial:                 GREBARIK EZ

Zahor:                     GREBA

Nemesio Zubia:                 GREBARIK EZ

Betik:                         GREBARIK EZ

Staedler:                     GREBA

Chinchurreta:                 GREBA

Aretxabaleta:

Azbe:                         GREBARIK EZ

Copreci:                     GREBARIK EZ

Eskoriatza:

Zubia pateak:                 GREBA

Fagor Ederlan:                 GREBARIK EZ

Fagor Etxetresna elektrikoak:         GREBARIK EZ

Antzuola: 

Elay:                         GREBA

Balzers-Elay:                 GREBA

Matz Erreka:                     GREBARIK EZ

Goizper:                     GREBARIK EZ

Elgeta:

Recyde:                     GREBA

Sisteco:                     GREBARIK EZ

Elkoro Dekoletajeak:             GREBARIK EZ

Tapen S.A.:                     GREBARIK EZ

Hezkuntza:

Arrasate: 

Mondragon Unibertsitatea:             IRAKASLEEK GREBARIK EZ

Arrasate Herri Eskola:             GREBARIK EZ

Institutua (Batxilergoa):             GREBARIK EZ

Institutua (DBH):                 GREBARIK EZ

AEK:                         GREBA

Udal Euskaltegia:                 GREBA

Arizmendi Ikastola                 GREBARIK EZ

Bergara:

Uned:                        GREBA (GIZARTE LANETAN EZ)

Aranzadi ikastola:                 GREBA

Mariaren Lagundia:                GREBA

San Martin Agirre Herri eskola:         GREBARIK EZ

Miguel Altuna institutua:             EZ DUTE INFORMAZIORIK EMAN

Ipintza institutua:                 GREBA

Udal Euskaltegia:                 GREBA

AEK:                         GREBA

Oñati

Eteo:                         IKASLEEK GREBA, LANGILEEK EZ

Txantxiku ikastola:                 GREBARIK EZ

Errekalde Herri eskola:             GREBARIK EZ

Elkar-Hezi:                     GREBARIK EZ

Zuazola (Aita Madina):             GREBARIK EZ

Larraña (San Lorentzo):             GREBARIK EZ

Udal Euskaltegia:                 HIRUTIK BI IRAKASLEK GREBA

Aretxabaleta: 

Arizmendi ikastola:                 GREBARIK EZ

Kurtzebarri Herri eskola:             GREBA

LH Institutua:                 GREBARIK EZ

Eskoriatza: 

Huhezi:                     GREBA

Luis Ezeiza herri eskola:             GREBA

Udalak: 

Arrasateko Udala:                 GREBA (BAZ IREKITA)

Bergarako Udala:                 GREBA

Oñatiko Udala:                 GREBA

Aretxabaletako Udala:             GREBA

Eskoriatzako Udala:                 GREBARIK EZ

Antzuolako Udala:                 GREBA

Aramaioko Udala:                 GREBA

Elgetako Udala:                 GREBA

Leintz Gatzagako Udala:             GREBA

Osasun zerbitzuak: 

Debagoieneko Eskualde Ospitalea:     GREBARIK EZ

Arrasateko anbulatorioa:             EZ DUTE INFORMAZIORIK EMAN

Bergarako anbulatorioa:             ADMINISTRAZIOAN, ZERBITZU  MINIMOAK        Oñatiko anbulatorioa:             ADMINISTRAZIOAN, ERDIAK.

Aretxabaletako anbulatorioa:         GREBARIK EZ

Eskoriatzako anbulatorioa:             GREBARIK EZ

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak