Lara Gonzalez arrasatearrak irabazi du Udako Argazkien VI. Goiena Lehiaketa

Usoa Agirre 2010ko urr. 4a, 15:26
Lara Gonzalezen 'Ispiluaren aurrean' argazkiak jaso du lehen saria: Canon EOS 1000D argazki kamera digitala eta KB photoestudiok emango dituen ikastaroetako batean %50eko deskontu bonoa. Bigarren saria Idoia Iturralderentzat izan da; hirugarrena, berriz, Miguel de Ganesharentzat.

1. Ispiluaren aurrean / Lara Gonzalez (Arrasate)

Arantza da argazkiko neska, ikasgelako lagun bat. Halako baten, udako eguzkiarekin berotuta, urarekin busti da eta freskatu du erabat adatsa.

Ispiluaren aurrean / Lara Gonzalez (Arrasate)

Saria: Canon EOS 1000D argazki kamera digitala eta KB photoestudiok emango dituen ikastaroetako batean %50eko deskontu bonoa.

2. Duomo plaza / Idoia Iturralde (Aretxabaleta)

Ekainaren 26an Milango Duomo plaza ezagunean atera genuen argazki artistiko hau. Solstiziotik hurbil, argiak, gerizpeak, disdirak eta haizeak oso une berezia lortu zuten, erraz ahazten ez den horietakoa; bizikletak ere bere kabuz ibiltzen ziren energia hori guztia batuta.

Duomo plaza / Idoia Iturralde (Aretxabaleta)

Saria: Cantabriako Treceño herriko Hotel Palacio de Guevaran aste bukaera bateko egonaldia bi lagunendako. Gosaria eta larunbateko afari berezia barne. Arrasate Bidaiak-en eskutik.

3. Artea / Miguel de Ganesha (Arrasate)

Nork bere mundua margotzeko ideia: koloreztatu eta bizitza sortu. Hain zuzen ere, askotan natura da berak eta guk geuk gizakiok daukagun ahalmena gogorarazi eta erakusten diguna.

Artea / Miguel de Ganesha (Arrasate)

Saria: bi pertsonarendako afari edo bazkaria Leintz Gatzagako Gure Ametsa jatetxean.

Epaimahaia

Goienako eta Bergarako Kb Photoestudio argazki dendako kideek osatu dute epaimahaia. Arrasateko Lara Gonzalezek, Aretxabaletako Idoia Iturraldek eta Arrasateko Miguel de Ganeshak asteon jasoko duzue saria.

Epaimahaiaren esanetan, Ispiluaren aurrean argazki freskoa da, uda, gazteak eta modernotasuna irudikatzen dituena; Duomo plaza teknikoki oso ona da, angulo ikuspegi oso onarekin; eta Artea-k, nahiz eta irudi ohikoa izan, originaltasun puntu interesgarria dauka.

128 lehiakide

Udako argazki lehiaketan 128 lagunek hartu dute parte aurten. Iazkoan baino 9 lagun gutxiago dira, baina ibarrean ondo errotutako lehiaketa dela erakutsi duzue beste behin. Azkeneko egunean bertan hainbat lagunek bidali zizkiguten erretratuak. Argazki hauen guztien aukeraketa egitea gustura egindako lana izan da, baina ez duzue batere erraztasunik eman; asko dira-eta saria merezi dutenak. Batzuk freskoak direlako, besteak barrea eragiten dutelako; teknika aldetik zainduta daudenak jaso ditugu, eta baita erretratua ateratzean ederto zebiltzatela erakusten dutenak ere. Argazki horiek guztiek dute gurean lekua; horrenbestez, datorren urtean ere animatu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak