ELA, LAB, UGT, CCOO, ESK, SATSE, UTESE eta SAE sindikatuek deituta, hiru orduko lanuzteak egin dituzte gaur Euskal Autonomi Erkidegoko ospitale eta osasun etxeetan, baita Debagoienekoetan ere.
Badira zenbait hilabete lan hitzarmenaren negoziazioek aurrera egiten dutela, eta sindikatuek salatu dutenez, azken astetan bilerak egin diren arren, ez dute emaitzarik eman.
Salatu dute azken egunotan, Osakidetzako hainbat langilek eskutitzak eta deiak jaso dituztela euren etxeetan, negoziazioari buruzko galderak eginez, eta esanaz sindikatuei esker, ez dutela lan hobekuntzarik izango. Osakidetzako langile kolektibo ezberdinak elkarren aurka jartzeko asmoa ikusten dute hor sindikatuek.
Osakidetzako arduradunek erabiltzaileak sindikatuen kontra jartzeko nahia ere azpimarratu dute gaurko lanuzteetan, baina esan dute, lan hitzarmenean eskatzen dituzten hainbat puntu, langile zein erabiltzaileentzat direla onuragarriak.
Lanuztearen jarraipena
Lanuztearen jarraipenaren inguruan, osasun etxeetako datuen faltan, sindikatuek jakinarazi dute Debagoieneko ospitalean %75ak egin duela lanuztea, eta azpimarratu dute, zenbait tokitan medikuak ere gehitu egin direla, nahiz eta euren sindikatuak jadanik lan hitzarmena sinatuta eduki.
Hilaren 23an beste bilera bat egingo dute osakidetzako arduradunekin, eta sindikatuek adierazi dute bilera horretan benetako negoziaketa bateratua egitea espero dutela.