Lanuzteak deitu dituzte ikastoletan eta Ekimen Sozialeko ikastetxeetan

Ubane Madera 2008ko mai. 20a, 12:25
Lanuztea egiteko deialdia egin dute gaurko, martitzena, gure ibarreko ikastolei begira. Lanuztea LAB eta ELA sindikatuek deitu dute, euren esanetan, ikastoletako sektorean eta Ekimen Sozialeko ikastetxeetan (Itunpeko sarekoak edo sare kontzertatukoak) langileen lan baldintzen hobetzea lortzeko Finantzazio Akordio berria eskatzeko Eusko Jaurlaritzari.

Sindikatu bi horiek diote aldaketa hori eman ostean bakarrik egin ahal izango zaiela aurre langileen oraingo eta etorkizuneko beharrei; Negoziazio Kolektiboaren bidea aldarrikatzen dute eta diote gaur egungo finantzazio ereduarekin ezin zaiela dauden beharrei aurre egin.

Deialdi horrekin bat egin dute, adibidez, Bergarako Aranzadi ikastolan eta gaur arratsaldean ez dute ez eskolarik ezta zaintza zerbitzurik emango. Eta grebarekin bat egingo du, baita ere, Oñatiko Txantxiku Ikastolak; han ere arratsaldean itxita izango dute zentroa.

Bergarako Mariaren Lagundia ikastetxean ez dute lanuzte deialdiarekin bat egin eta normaltasunez emango dituzte eskolak.

Oñatiko Elkar Hezi ikastetxean esan digutenez, lanuztea egin edo ez bozketa egin zuten eta ezetz irten zen. Beraz, normaltasunez emango dituzte gaur eskolak. Dena dela, langile batzuk joango dira arratsaldean Bilboko manifestaziora.

Arrasateko Arizmendi Ikastolari dagokionez, hemen ez dute grebarik egingo. Baina arrazoia ez da ezezkoa atera dela bozketan. Edurne Baltzategik, Arizmendiko prentsa arduradunak azpimarratu gura izan du eurei ez sindikatuek ez beste inork ez dietela abisatu greba deialdia zegoenik. Beraz, ez dute grebarik egingo.

Greba egiteaz gainera, gaur arratsaldean manifestazioa dago deituta Bilbon eta gure ibarreko ordezkaritza ere izango da han.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak