Hilabetetako negoziazioen ostean, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez onartu zituen pasa den abenduaren 26an 2009arte Osakidetzako langileen lan baldintzak. Dekretu honen kontra ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT, ESK, Teknikoen Sindikatua eta SAEk deituta lanuzteak egin dituzte gaur goizean Osakidetzako langileek. Inposiziotzat jo dute dekretua sindikatuek, eta dekretuarekin negoziazioak bertan behera uztea leporatu diote Osakidetzari.
Gaineratzen dute, medikuen eskakizunak bakarrik hartzen dituela aintzat dekretuak, eta gainerako langileen lan baldintzetan ez duela aldaketarik eragingo azpimarratu dute.
Karrera profseionalari buruzko dekretua
Lan baldintzen inguruko dekretuaz gain, bigarren dekretu bat ere onartu zuen Eusko Jaurlaritzak abenduaren 26an, karrera profesionalaren ingurukoa. Bigarren dekretu hau ere ez dute begi onez ikusten, aldi baterako langileen eta langile finkoen artean ezberdintasunak sortzen dituelako.
Datozen asteetarako beste hainbat mobilizazio deitu dituzte sindikatuek. Hala, urtarrilaren 15, 17, 22 eta 24an ordulaurdeneko lanuzteak egingo dituzte, eta urtarrilaren 29an aldiz, 3 orduko lanuztea, goizeko 08:00etatik 11:00etara.
Jaurlaritzaren azalpenak
Eusko Jaurlaritzak esan du bere aldetik, dekretu hauek beharrezkoak zirela; karrera profesionalen kasuan langileei aurrera egiteko aukera eman ahal izateko, eta lan baldintzei dagokienean, Jaurlaritzaren iritziz sindikatuen eskariak erabat onartezinak zirelako.