Langabeziari aurre egiteko gai dela adierazi du PPk. BIDEOA

Txomin Madina Milikua 2009ko ots. 25a, 17:02
Ekonomia izan da gai nagusia Alderdi Popularrak goizean Arrasaten egin duen ekitaldi politikoan. Arantza Quiroga Gipuzkoarako zerrenda burua egon da bertan, eta krisiaren aurrean herritarrei konfiantza eskatu die, esanez eurek erakutsi dutela gai direla horrelako egoeretatik ateratzeko.

Arrasateko zinegotzi den Itziar Lamarain eta hautagaien zerrendan bigarren eta hirugarren dauden Borja Semper eta Ramon Gomez izan ditu lagun Arantza Quiroga Alderdi Popularreko Gipuzkoarako zerrenda buruak  gaur Arrasaten egin duen agerraldian.

Quirogak esan duenez, Arrasate sinbolo bat da lanpostuen sorreran eta garapenean, besteak beste kooperatibei esker mundu mailan lana sortu duelako. Baina adierazi du, hona ere heldu dela krisia. ''Ikusten ari gara hau bezalako proiektuak ere ari direla nabaritzen krisia. Eta herri honetako langabeziaren igoeraren datuak ere ikusgarriak dira: azken hilabeteetan, langabezia tasa %3tik, %10era igo da'' adierazi du Quirogak.

Gipuzkoako zerrenda buruaren hitzetan, jeltzaleen eta sozialisten planteamenduen aurrean, popularrek erakutsi dute gai direla egoera zailei buelta emateko: ''Erakutsi dugu herritarrek euren konfiantza eman digutenean gai garela duela 10 urte bezalako egoera zailak aurrera ateratzeko. Orduan ere, langabezia tasa altua zen, eta gai izan ginen mahai gainean neurriak jarri eta langabezia jaisteko'' .

Konfiantza eskaria

Quirogak konponbidea dagoela gaineratu du, esanez gauzak beste era batera egin daitezkeela, liskarrak alde batera utziz eta neurriak hartuta. Enpresei babesa era erakutsi die.

Agerraldiari amaiera emateko, euren etorkizunarekin eta euren lanpostuekin arduratuta dauden guztiei, Alderdi Popularrean konfiantza jartzeko eskatu die Quriogak.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak