Langabezia tasak goraka jarraitzen du gurean

Edu Mendibil 2009ko apirilaren 6a

Langabezia tasak goraka jarraitzen du Debagoienean. INEMek emandako martxoko azken datuen arabera, 3.469 langabe daude gure ibarrean: otsailean 3.373 langabe zenbatu zituzten eta urtarrilean, aldiz, 3.108.

Espainiako gainerako probintzietan baino hilabete beltzagoa izan genuen martxokoa Gipuzkoan: %4,9 hazi zen langabezia tasa gure probintzian, aurreko hilabetean baino bi hamarren gehiago hain zuzen. 

Debagoienari dagokionez, hauek dira herrikako langabe kopuruak martxoan: 1.500 lagun Arrasaten (%12,96); 707 Bergaran (%9,85); 469 langabe Oñatin (%8,68); 368 Aretxabaletan (%11,40); 267 Eskoriatzan (%12,84); Antzuolan 97 langabe zenbatu zituzten martxoan (%10,66); 47 Elgetan (%9,55); eta, azkenik, 14 langabe Leintz Gatzagan (%10,53). Langabezia tasa, %11,19koa da Debagoienean, zoritxarrez urte hasieratik handitzen doan kopurua.

Sektoreka, industriari eta eraikuntzari eragin die gehien enplegu galerak. Gipuzkoan, joan den urteko martxoan baino 11.405 langabe gehiago dago gaur egun: %7,64ko tasatik %10,87ko langabezia tasa igaro da gure probintzia urtebeteko epean. Bidasoak Erabat behatokiaren arabera, Urola, Goierri eta Debagoiena izan dira eskualde kaltetuenak: hiruretan %70etik gorako hazkundea izan du langabezia tasak 2008ko martxotik. Debagoienean 1.959 langabe zeuden joan den urteko martxoan eta orduan baino 1.510 langabe gehiago daude orain gure ibarrean

Egoera honen aurrean, greba deitu duten sindikatuen ustetan justifikatuta dago deialdia. ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek greba deialdia egin dute maiatzaren 21erako krisia dela-eta. "Enplegu suntsiketa, patronalaren xantaia eta gizarte eta aurrekontu politikarik eza" dira deia egiteko arrazoi nagusiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak