Langabezia %0,11 jaitsi da irailean, 33 langabe gutxiago

Leire Kortabarria 2009ko urr. 5a, 19:00
Langabezia zertxobait jaitsi da Debagoienean abuztutik irailera: 3.363 langabe zeuden INEMen izena emanda, abuztuan baino 33 gutxiago. Langabezia tasa %10,85ekoa izan da irailean; abuztuan baino %0,11 gutxiago.

Martxotik izan den hirugarren datu txarrena da irailekoa: martxoan jo zuen gailurra (%11,19ko tasa); gero, jaitsiz joan zen, uztailean %10,75era ailegatu arte; abuztuan berriz langabe gehiago egon ziren, hilabete horretan gertatu ohi den moduan; eta irailean, 33 langabe gutxiago egon dira abuztuan baino.

Herririk herri, denetarik egon da, eta bariazioak ere txikiak izan dira. Hobekuntza nabarmenenak Bergarakoa (746 langabetik 719ra; %10,40ko tasatik %10,02ra) eta Elgetan (46 langabetik 41era; %9,35eko tasatik puntu bat gutxiagora) izan dira. Jaitsi egin da langabezia Antzuolan ere (langabe bat gutxiago), Arrasaten (hiru gutxiago) eta Oñatin (bost gutxiago). Langabe gehiago egon dira, baina bariazio txikiarekin, Aretxabaletan (364tik 367ra), Eskoriatzan (263tik 266ra) eta Gatzagan (11 langabetik 13ra).

Gipuzkoan, %1,61 gora

Edozein modutan, Gipuzkoako datuak baino askoz hobeak dira Debagoienekoak: INEMen arabera, Gipuzkoan %1,61 hazi da langabezia irailean (588 lagun), eta 37.199 langabe zeuden hilabete horretan. Hego Euskal Herrian, 3.000 langabe gehiago zenbatu ditu INEMek irailean abuztuan baino; denetara, 160.747 lagun. Araban igo da gehien langabezia (663 langabe gehiago, +%3,67), eta gero, Bizkaian (1.825 langabe gehiago, +%2,78). Nafarroan, Debagoieneko datu berbera dago: %0,10 egin du behera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak