Langabe talde batek Arrasateko enplegu bulegoaren aurrean eman du gaua

Goiatz Arana Begiristain 2009ko ira. 1a, 14:43
Enplegu tailerretarako eskaera orriak aurkezteko eguna izan da gaur, martitzena, eta langabezian daudenek ez dute aukera hori pasatzen utzi nahi izan. Formazioa eta lana eman, kontratua egin eta soldata ordainduko zaie aukeratuak izaten direnei, urtebetez. Programa urriaren 5ean jarriko da martxan.

Goizeko bederatzietan zabaltzen ditu ateak Arrasateko enplegu bulegoak, baina dezente lehenagotik ilara luzea osatu da gaur haren atarian. Batzuk hantxe eman dute gaua: hondartzako aulkian eserita, berriketan eta kartetan.

Enplegu tailerretarako eskaera orriak bete eta aurkezteko eguna zen gaurkoa. Aukeratuak izaten direnek goizetan ikasi eta arratsaldetan lan egingo dute (sukaldaritzan, eraikinen eta hiri altzarien mantenuan edo energia berriztagarrietan), urtebeteko kontratua izango dute eta 900 euro inguru kobratuko dituzte. Gisa honetako kontratuei "kontratu zaborra" deitu izan zaie, baina gaur asko dira halako bat sinatu nahiko luketenak. Langabezian daudenak ez daude, ez, aukera galtzeko.

Egoera zailak

Askotarikoen artean, emakume bat aurkitu dugu: bi eskaera-orri hartu ditu, berarentzako bat eta senarrarentzako bestea. Eurek lanik ez-eta umezainari oporrak eman dizkiote, noski; eta hantxe zen semea ere, amaren besoetan.

Beste emakume bat semeari ilaran lekua gordetzera joan da. Ia negarrez, une zailak bizi dituztela kontatu digu: "semea langabezian dago, aitak pentsio minimoa jasotzen du eta etxean ez dugu beste diru-sarrerarik".

Jende-ilara Arrasateko Inemen

Urriaren 5en jarriko dira martxan

Mankomunitateak bultzatu du programa, INEMek subentzionatu du eta Udalek ere jarriko dute dirua. 25 urtetik gora dituzten eta lan barik dauden debagoiendarrei dago zuzenduta programa. 75 eskari jasotzea zen hasierako asmoa baina egitasmoak zer nolako harrera izan duen ikusirik, hasierako muga hori kendu eta eskakizun denak jaso dituzte, 300 baino gehiago.  Lehen hautaketa egindakoan, aurrera egiteko aukeratutakoei gutun bat bidaliko diete etxera, irailaren 14a baino lehen, eta hurrengo urratsa zein izango den azalduko diete. Azkeneraino iristen diren 35 lagunak urriaren 5ean hasiko dira ikasten eta lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak