Azokan eta inguruan, jende ezaguna, debagoiendarrak batzuk eta kultura arloko jendea ere: Martxelo Otamendi eta Xabier Amuriza, Egunkaria aurrera!-ren zenbakia banatzen; Roberto Mosso kantari eta irrati esataria, standen inguruan; Jon Maia bertsolaria, azokan erosketak eginda...
Liburuak han eta hemen
Ibarrekoak ere, zenbait; erosten eta begira, zein standetan saltzen. Numenak komiki liburuaren egile Unai Busturia bisitan joan zen Durangora, eta Saure argitaletxeko standaren parean aurkitu genuen: "Esan didatenez salmentak ondo doaz. Lan berria ekarri dugu, eta jendeak gustura irakur dezan nahi dugu", esan zigun.
Debagoieneko egileen beste lan batzuk ere aurkitu genituen. Badihardugu Euskara Elkartearen standean, elkarteak berak ekoiztutako materialaz gain, Debarroko udaletakoa ipini zuten. Badiharduguko Asier Sarasuaren esanetan, "gorabehera handirik ez dugu igartzen; antzera ibiltzen gara urtero. Bergarako bandaren gaineko liburuaren ale batzuk saldu dira, baita aditz-taulen liburuxkak ere".
Mondragon Unibertsitateko postuan, Iñigo Ramirez de Okariz zegoen: "Durangora etortzen den jendeak aurrez badaki zer nahi duen, eta, gure irakurgaiak sofistikatuak direnez, nahiago dituzte bestelako gaiak. Hala ere, garrantzitsua da Mondragon Unibertsitatearen materiala erakustea", esan zigun. Ramirez de Okarizen beste lan batzuk ere ikusi genituen, Antzuolako uraren gainekoa, esaterako.
18/98+ lantaldearen standean ziren Maite Aristegi eta Anaje Narbaiza, lantaldearen inguruan sortutako materialarekin: "Durangoko Azoka toki bizia da, eta jende asko gerturatu da gurera, auziaren gaineko kontuak jakin guran, eta elkartasuna adieraziz", esan zigun Aristegik.
Musikan, berriak
Musikak ere badu lekua Durangoko Azokan, eta, musikarien artean, gurekoak. Standetan egon ziren diskoak sinatzen, besteak beste, Gosekoak, Mutedekoak eta Governorsekoak. Ken7 taldekoen inguruan besteko jende multzorik ez zen elkartu, beharbada, euren inguruan; neska gazte asko ikusi genituen sinadurak eskatzen eta eurekin argazkiak ateratzen; Mikel Urdangarinek ere disko mordoa sinatu zuen. Hala ere, gurekoak pozik ziren emaitzekin. Hala esan zigun Baga Bigako standean Muted taldeko Christophek: "Gure bigarren lana, Sena, aurkeztu dugu, eta ikusi beharko da orain merkatuan nola dabilen; oraingoz, harrera ona izan du; salmentak ondo doaz, eta, gu standean gaudenez gero, ea jende gehiago animatzen den erostera!".
Standetan, batzuk, eta euren musika zuzenean eskaintzen, beste batzuk. Egubakoitzean, Latzen talde oñatiarrak azokaren kanpoko aldean, kamioi baten gainean, ordu erdiko kontzertu pirata eskaini zuen askoren harridurarako. Latzenek 1995ean kaleratutako maketa, Heriotzari deika, Durangorako berrargitaratzea izan zen kontzertuaren aitzakia.
Gosekoek domeka arratsaldean egin zuten kontzertua Plateruenan. Baga Bigako standean zegoen euren diskoa salgai, eta diskoetxeko Ritxi Aizpuruk esan zigunez, "Des-Kontrolen lanarekin batera, gure standean. Goseren lana saltzen da gehien".
Gaztelupeko Hotsak zigilupean atera du diskoa Danbakako irabazle Aby-Kem-ek. Diskoetxeko Ubane Uzinen esanetan, "gurean, arrakastatsuenak Surfing Kaos eta Petti dira, eta Aby-Kemen lanaren salmenta ere txukun doa. Azokak izan zituen gorabeherak, baina, egun, egonkortuta dago; jendea badabil".
Omenaldia
Bestelako ekitaldiek ere izaten dute lekua azokan. Pello Zabala, Imanol Lazkanorekin batera, Hemen Jaungoikoari ere barre izenburupean Elkartegian egindako mahai-inguruan egon zen.
Leku berean, Elkartegian, Lagunak gogoan omen ekitaldia izan zen egubakoitzean. Omenduen artean, Jesus Atxa aretxabaletarra.
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka izango zena prestatzeko lehen pausoak ematen lagundu zuen, eta, beste leku batzuetan ere, liburu eta disko azoken antolatzaile ere ibili zen. Urrian hil zen Atxa, 87 urte zituela, eta bere lana eskertu nahi izan zuten Durangon.
Liburuak eta diskoak, salmentak eta erakusketak, kontzertuak eta sinadurak, mahai-inguruak eta omenaldiak... denetarik izan da egunotan Durangon. Datorren urtera bitartean, erositakoak irakurtzea edo entzutea tokatuko zaie batzuei; lan berriak ekoizten eta gertatzen jarraitzea, beste batzuei. Izan ere, euskara eta euskal kultura janzteko bide bat da Durangoko Azoka.