Landa guneetarako ideia eta proiektu lehiaketa Debarro osoan egingo dute

Maider Arregi 2007ko mai. 21a, 11:07
Debagoieneko eta Debabarreneko landa garapen agentziek batera egingo dute aurtengo deialdia, eta bihar, maiatzak 22, aurkeztuko dute Antzuolan.

Landa Inguruneko Ideia eta Proiektu Berritzaileen sariketa antolatuta dute Deba Garaia eta Debemen Debagoieneko eta Debabarreneko Landa Garapenerako Elkarteek, eta bihar, martitzena, aurkeztuko dute aurtengo deialdia Antzuolako Olaran etxean.
Aurtengo berritasuna da, hain zuzen, bi agentziek batera antolatu dutela; aurretik, hiru edizio egin ditu Deba Garaiak bakarrik. Debabarrenean, lehenengo aldiz izango dute lehiaketa hori.
Helburua eta oinarriak antzekoak dira: hots, landa ingurunerako ideia eta proiektu berriak bultzatzea eta saritzea. 1.000 eta 500 euroko sari bana dago eta, lehenengoarendako, gainera, bere proiektua garatzeko beka egiteko 3.000 euro, aukeran.

Debarroa

Deba Garaia agentziako Mari Karmen Iturbek dioskunez, bi eskualdeetako agentziek daramaten Debarroa proiektuaren barruan dago deialdi hori. Proiektuak Debarroko herritarrak landarekiko sentsibilizatu nahi ditu, eta bi elkarteek egoki iruditu zioten lehiaketa ere batera egiteari.
Iturbek dioenez, "orain arte, proiektu kopuru egokia aurkeztu izan da, baina lehiaketari beste bultzada bat eman nahi izan diogu eta Debarro osora zabaldu, ea jende gehiago animatzen den". Aurten, lehengo oinarri berberekin egingo dute, eta, zelan irteten den arabera, pentsatuko dute berritasun gehiago egin.
Agentziak proiektu irabazleari beka eskaintzera eta, dena garatuta badago, egi bihurtzen laguntzera konprometitzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak