Lanbide Heziketaren azokak piztu du herritarren interesa

Txomin Madina Milikua 2010ko api. 18a, 23:27
Asteburuon amaitu da Arrasaten azokaren bigarren edizioa, eta gerturatutakoek ibarreko aukerak ezagutu dituzte.

Lanbide Heziketaren azokaren bigarren edizioak eman zion zapatuan amaiera joan den aste osoan zehar Debagoieneko Mankomunitateak antolatutako Lanbide Heziketaren asteari. 15 erakusmahai egon ziren azokan eta parte hartu dutenen artean, sistema publiko zein pribatuko zentroak, akademiak eta erakunde ezberdinak egon dira euren eskaintza akademikoa bisitariei erakusten.

Egubakoitzean egun osoan zehar eta zapatu goizean egon zen zabalik azoka eta 250 pertsona inguru pasa ziren bertatik. Egubakoitzean batez ere ibarreko ikastetxetako ikasleak egon ziren azokan, zapatuan baina, gehiago izan ziren gurasoak eta dagoeneko lanean dabiltzan langileak.

'Aukera zabala'

''Azokaren balorazio positiboa egiten dugu; bai zentroek erakutsitako inplikazioagatik, eta baita izan duen harreragatik ere'' azaldu zuen zapatuan Koldo Azkoitia Mankomunitateko Garapen Ekonomikorako Eskualde Agentziaren zuzendariak. ''Gure asmoa zen batez ere DBHko ikasleei erakustea batetik, Unibertsitateaz gain, badaudela beste aukera batzuk, eta bestetik, Debagoienean gauzak ondo egiten dituzten eta aukera zabala eskaintzen duten zentroak daudela'' gaineratu zuen. 

Lanbide Heziketaren egokitasuna ere defendatu zuen Azkoitiak: ''Tituluei horrenbeste garrantzia eman beharrean, lan merkatuaren eskariei hobekien erantzuten dion formazioa jaso beharko genuke, eta argi dago egoera zailetan, lanbide heziketak formazio egokiagoa edo gertukoagoa ematen duela''. bere iritziz, lan gabe geratu direnentzat  formatzen jarraitzeko aukera ona izan daiteke Lanbide Heziketa.

Lan bateratua

''Azoka honekin gainera, ibarreko zentroen arteko lan bateratua ere sustatu gura izan dugu,  horrek  hobeto lan egitea eta ildo nagusiak hobeto markatzea ahalbideratuko du-eta'' azaldu zuen Azkoitiak.

Azokan parte hartu zuten zentroetako ordekzariek azokaren balorazio positiboa egin zuten, eta azpimarratu zuten iaz baino jende gehiago gerturatu dela aurten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak