LAB sindikatuak, lan istripuak salatzeko kale agerraldia egin du eguaztenean Bergaran. Euskal Herri osoan egin zituen, goizean hiriburuetan eta arratsaldean ibarretan. Debagoienean, Bergara aukeratu zuten bi arrazoi hauengatik: iaz lan istripu gehien Bergaran izan zirelako eta Bergarako udalak LABek aurkeztutako mozio bat onartu duelako lan istripu gehiago ez gertatzeko konpromisoa hartuz.
129 hildako
LAB sindikatuak emandako datuen arabera, 2006an 129 lagun hil ziren lan istripuz Euskal Herrian. "Prekarietate handia dago lan arloan eta horri eta azpi kontratazioei lotuta egoten dira istripu gehienak, gure ustez. Horregatik aukeratu dugu prekarietatea hiltzailea leloa kale agerraldietarako", dio Jon Garate LABeko Debagoieneko arduradunak. Istripu gehienak, %30a gutxi gorabehera, eraikuntza arloan gertatzen ei dira. "Debagoieneko lan istripu gehienak Bergaran gertatu dira, autobideko lanetan, edo herriko hainbat enpresetan eta horregatik egin dugu Bergaran ibarreko elkarretaratzea", jarraitu du.
Udalen inplikazioa
"Egia da langileok erantzukizunak ditugula, baina baita patronalak eta administrazioak ere", dio Leire Ormazabal LABeko kideak. Horregatik, sindikatu horrek gura du ibarreko udalek konpromisoa hartzea lan istripu gutxiago gertatzeko. "Bergarako udalak onartu du gutxienez herriko obrak kontrolatzeko konpromisoa. Orain gainerako udalekin jarriko gara harremanetan eurak ere onartzeko", azaldu du Jon Garatek.
Bestalde, Batasunak enpresarien eta administrazioen ardura salatu du lan istripuen igoeran.