Lan erreformaren aurkako grebak erantzun txikia gurean

Goiena 2010ko ira. 29a, 12:12
UGT eta CCOO sindikatuek emandako datuen arabera, erantzun txikia izaten ari da gurean gaurko greba deialdia. Lantegi gutxi batzuetan egin dute bat grebarekin.

UGT sindikatuko metaleko arduradun Emilio Rodriguezek adierazi digunez, Arrasaten, Gelman eta lehengo Gamein, langileen erdiak egin du greba gaur. Polmetasan, berriz, paroa %60koa da UGTko ordezkariaren arabera. Era berean, grebak eragina izan du beste hainbat enpresatan: Arcelorren, Zumarragan, langileen erdiak egin du greba.

CCOOko Julian Feo delegatuak azpimarratu duenez, Eskoriatzako Ezkurra eta Alza enpresek greba egin dute gaur. Bergaran, Jean y Chamont enpresa erabat geratu da eta bertako Torunsa eta Lacor lantegietan hainbat langile atera dira. Gauza bera gertatu da Arrasateko Feliciano Aranzabal lantegian. Bergarako Bolintxoko lantegian, San Juan auzoan, ez dute lanik egin bart baina Bolintxoko dendak zabalik daude gaur.

Debagoieneko Ospitalean normaltasuna da nagusi. Ospitaletik esan digutenez langile guztiak ari dira lanean normaltasunez.

Pesa konpainiak ibarrean ematen duen autobus zerbitzua ere normaltasunez dabil.

Jaurlaritza eta Adegiren balorazioak

Sonia Perez Jaurlaritzako lan sailburuordeak eguerdian egindako agerraldian, bestalde, greba eguna normaltasunez doala esan du. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, osasun eta hezkuntzan ez du ia eraginik izan, eta industrian jarraipena %10ean kokatu da. Adegi Gipuzkoako sindikatutik emandako kopuruen arabera, enpresetan ez du eraginik izan: jarraipena, %1ekoa izan dela zehaztu dute.

Espainian, sindikatuek emandako datuen arabera, hamar milioi pertsonak egin dute bat berarekin. Espainiako enpresaren elkarteak bere aldetik, normaltasuna azpimarratu du.

Lan erreformaren aurka

Greba orokorrerako deialdia CCOO eta UGT sindikatuek egin dute; Espainiako parlamentuak onartutako lan erreformaren aurka deitu dute greba. ESK-k greba deialdiarekin bat egin du eta elkarretaratzea deitu dute gaurko. Hitzordua Arrasateko Seber Altube plazan izango da, arratsaldeko 7etan.

ELAk eta LABek ez dute deialdiarekin bat egin. ELAk eta LABek ordezkaritza sindikalaren %51 daukate Hego Euskal Herrian eta %39 UGTk eta CCOOk.

Arrasaten elkarretaratzea

ESK-k ere bat egin du gaurko greba deialdiarekin eta elkarretaratzea egingo dute gaur Arrasateko Seber Altube plazan, 19:00etan.

Donostian manifestazioa

Arrasatetik Donostia aldera abiatu dira autoetan CCOO eta UGTko kideak. UGTkoak autoetan atera dira 9:30ean eta goizeko 10:00etan autobusean doaz CCOOko kideak Donostiara, Eibar aldeko jendearekin batera. Eguerdian manifestazioa egingo dute Donostian. Enpleguaren alde eta murrizketen kontrako leloa erakutsiko dute.

Europako Ekintza Eguna

Era berean, Europako Sindikatuen Konfederazioak Europako Ekintza Eguna deitu du gaurko. Gobernuen gastu publikoak murrizteko hartutako neurriak salatuko dituzte gaur Bruselan konfederazioko 50 sindikatuek. Ehun mila lagun biltzea espero dute antolatzaileek. Ondoko leloa erakutsiko dute: "Austeritateari ez. Eman lehentasuna enpleguari eta hazkundeari".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak