Euskadiko Kutxaren Oñatiko bulegoan esan digutenez, Gurutze Gorriaren, Unicefen eta gobernuz kanpoko beste hainbat erakunderen kontuak daude irekita bertan, eta 30 ekarpen inguru jaso omen dituzte orain artean banketxeak herrian duen bi bulegoetako batean. Ekarpenok, 20 eta 1000 euro artekoak izan direla zehaztu digute gainera.
Bergarako BBVAren bulegoan ere, nabaritu dute jende gehiago ibili dela ekarpenak egiten edo Haitirako laguntza nola bideratu galdetzen. Besteak beste Mugarik Gabeko Medikuak taldeak, Gurutze Gorriak eta Caritasek ireki dituzte kontuak banketxe honetan. Jasotako ekarpen gehienak 50 eurokoak izan direla esan digute bertan, nahiz eta 300 euroko emaririk ere egon den. Bergarako Banco Guipuzcoanoren ordezkaritzan ere mugimendu nahikotxo dabilela baieztatu digute.
Aretxabaletan Gipuzkoako Kutxak duen bulegoan egunean lauzpabost pertsona joan dira ekarpenak egin guran; beste batzuetan baino gehiago kasu honetan ere. Askotariko kopuruak eman omen dituzte aretxabaletarrek, batez ere, 50 eta 100 euro bitartekoak. Gipuzkoako Kutxaren kasuan gainera, banketxeak berak ere badu kontu bat Haitin kaltetutakoei laguntza bideratu ahal izateko.
Arrasaten, Santander eta La Caixa banketxeek dituzten bulegoetan galdetuta, bietan esan digute beste ezbehar batzuetarako baino laguntza gehiago jasotzen ari direla Haitirako. La Caixaren kasuan gainera, banketxeak berak ere egiten du bere ekarpena: bezeroek Haitirako ematen duten 10 euroko, euro bat gehitzen dute bertan.