Osasun-laguntza eskaintzeko proposamena onartu berri du Lagun Aroko
Errektore Kontseiluak. Martxoko batzar orokorrean eman beharko zaio
behin betiko onarpena proposamenari.
Lagun Arok Gizarte
Segurantzarekin zuen lankidetza 2004ko abenduaren 31n geratu zen bertan
behera. Ordutik hona Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin jardun du.
Baina lankidetza hori ere laster bukatuko da, aurtengo abenduaren 31n,
eta Lagun Aroko onuradunak osasun publikoan guztiz integratuko dira.
Azkeneko urteotan, asko izan dira eskatu dutenak osasun-laguntza ematen jarraitu beharko lukeela Lagun Arok.
Osasun publikoaren osagarri
Proposamenaren
arabera, osasun-laguntza osasun publikoaren osagarria izango da,
onuradun guztiak osasun publikoan integratuta egongo direlako. Beraz,
alde batera geratuko dira lehen mailako osasun laguntza eta erditzeak,
besteak beste. Erabaki hori horrelaxe arrazoitzen dute Lagun-Aroko
arduradunek: osasun publikoak efizientziaz eta kalitatez eskaintzen
dituela Lagun-Arok kanpo laga dituen zerbitzu horiek.
Finantzaketa
Prestazioa
kooperatibak eta langileak berak ordaindu beharko dute; kooperatibak
jarriko du %60 eta gainerakoa langileak. 2008. urterako 48 euroko kuota
ezarriko dute hileko: langileak 20 euro eta kooperatibak 28 euro
ordainduko dituzte. Hori hileko kuotari dagokionez. Jasotako osasun
zerbitzuei dagokienez, bestalde, kostuaren %20 ordaindu izan du orain
arte langileak; aurrerantzean %30 ordaindu beharko du. Dena dela,
gehienezko kopuru bat finkatuko dute: 2008an 40 eurokoa. Horrek esan
nahi du edozein dela ere onuradunak Lagun-Aroren bitartez jasotzen duen
osasun zerbitzua, kostuaren %30 baldin bada 40 euro baino gehiagokoa,
40 euro besterik ez duela ordaindu behar onuradunak. Horrela, ebakuntza
eta kliniketako gastuak asko murrizten dira.
Fagorreko bazkideen %50,6 proposamenaren alde
2008ko
urtarrilaren 1ean Lagun Aroko mutualista eta onuradun guztiak Osasun
Publikoan sartuko dira. Horren aurrean, hainbat bazkidek proposatu
zuten Lagun Arok eskaintzen dituen osasun-zerbitzu batzuei eustea.
MCC-k eztabaida-prozesu bat abiarazi zuen, eta orain arte gauzak oso
parekatuta doaz, Fagor Taldeko erreferendumean ikusi den moduan.