Lagun Arok 25. urteurrena ospatuko du gaur, iaz arlo guztietan hazi ondoren

Leire Kortabarria 2007ko api. 23a, 12:42
Lagun Arok, MCCko aseguru entitateak, "emaitza historikoekin" itxi zuen 2006ko ekitaldia: 162,51 milioi euro fakturatu zituen –2005ean baino %2,09 gehiago–; 23,67 milioi euroko zerga aurreko mozkina izan zuen –2005ekoa: %15,09– eta 320.000 bezero inguru lortu zituen Estatuan. Enpresaren sarrera finantzario gordinak 20,35 milioira iritsi ziren urte amaieran.

Emaitza horiek jakinarazi zituzten Lagun Aroko presidente Julio Gallastegik eta zuzendari nagusi Pablo Mongelosek joan den eguenean Bilbon.

Era berean, 25. urteurrena du aurten Lagun Arok, eta gaur, astelehena, ospatuko du hori erakundeak bere bezeroekin, Bilboko Euskalduna Jauregian, Kepa Junkeraren kontzertu batekin.

Adarrez adar

Gallastegik eta Mongelosek azaldu zutenez, Lagun Aro enpresa merkatuaren gainetik hazi da. Hala, Seguros Lagun Arok 18,17 milioiko zerga aurreko mozkina izan zuen iaz, aurreko urtean baino %13,49 gehiago. Arloka, honako hazkundea izan zuen: etxebizitzan, %15,1; denda aseguruetan, %10,7; istripu aseguruetan, %8,7; eta automobiletakoetan, %5,1. Seguros Lagun Aro Vidaren zerga aurreko mozkina 5,49 milioikoa izan da, aurreko urtean baino %18,09 gehiago. Kasu guztietan, hazkundea Estatuan sektoreak izandakoa baino handiagoa izan da.

Inbertitzaileei dagokienez, Bizitza Aseguruen atalean, funts propioen gaineko errentagarritasuna %16koa izan zen, eta gainerakoetan, %59koa. Horrez gain, Lagun Aro proiektua osatzen duten pertsonen kopuruak %8 egin du gora 2005ekiko.

Aurreikuspenak

Aurtengo aurreikuspenak ere azaldu zituen Lagun Arok: 159 milioiko fakturazioa eta zerga aurreko 23,2 milioiko mozkina. EAEn eta Nafarroan hazten jarraitzea aurreikusten du.

Ikuspuntu komertzialetik, Automobilaren adarrari emango dio lehentasuna: hor, fakturazioa %6,2 eta polizak %10 igoko direla uste dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak