Krisiaren eraginez, erreserba gutxi Debagoieneko ostatuetan

Mireia Bikuña 2008ko uztailaren 23a

Egoera politikoa eta ekonomikoak dira turista kopuruak behera egitearen arrazoiak ibarreko ostalariendako. Bitartean, Bergara eta Oñatiko Turismo Bulegoek guztiak prest dute turistak hartzeko.

"Krisian gaude eta horrek eragin zuzena du erreserbak egiterako orduan". Halaxe erantzun digu Arrasate Hoteleko Rosik udako egunetarako espero dituzten turista kopuruari buruz galdetzerakoan. Oraindik goiz da aurtengo udak emango duena aurreratzeko, baina erreserba kopuruak behera egin dutela esan digute hainbat ostatuetako ugazabek. Horren harira, Arrasate Hotelekoek bi arrazoi jarri dituzte: "Gure ustez krisia eta Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoak eragin zuzena du. Gainera, erreserbak egiteko deitzen dutenek beherapenak eskatzen dituzte, eta informazio eske deitzen duten askok ez dute egonaldia gurekin egiten. Guzti horrek esan gura du, ostatu hartu aurretik hainbat aurrekontu eskatzen dituztela". Iritzi berekoa da Oñatiko Arregi Landa-Turismoko Mertxe Esnaola: "Iaz beteta genuen ostatua garai honetarako, oso ondo egin genuen lan. Nire ustez krisia eta egoera politikoa dira beherakadaren arrazoi nagusienak". Biek ala biek esan digute, abuztuaren 11tik 17ra arteko asterako jaso dituztela erreserba gehien.
Dena den, azken orduko erreserbak hartzeko gertu daudela esan digute ostatu gehienetan. "Beti egoten dira azken orduko deiak, eta aurten horien zain egon beharko dugu".
Debagoienera etortzen diren turisten egonaldiak ez dira oso luzeak izaten. "Gure ostaturako ditugun erreserbak 4-5 egunekoak dira, eta pozik gaude kontuan hartuta gehienak egun bat edo bikoak izaten direla. Oso gutxi dira zortzi egunetarako etortzen direnak. Oñatik turismo asko erakartzen du, baina hau ez da kostaldea", esan digu Mertxe Esnaolak. Gehienbat kataluniarrak, valentziarrak, murtziarrak eta madrildarrak dira Debagoinera etortzen direnak.

Turismo bulegoak gertu

Ostatuetan erreserba gutxi dituzten arren, ibarrera etortzen diren turistak hartzeko gertu daude Oñatiko eta Bergarako Turismo Bulegoetan. Biek ala biek astelehenetik domekara zabalduko dituzte ateak: Oñatiko bulegoak, astelehenetik egubakoitzera 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era; zapatuetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era; eta domeketan, 10:00etatik 14:00etara. Bergarakoak aldiz, astelehenetik zapatura zabalduko du 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era, eta domeketan 11:30etik 14:30era. "Orain arte ez dugu domeka guztietan zabaldu, baina abuztuan egunero zabalduko dugu", esan digute Bergarako Turismo Bulegokoek.
Aurreko urteotako eskaintza bera jarriko dute turisten esku Oñatin. "Ez dugu berrikuntzarik; Parrokiara eta Unibertsitatera egiten ditugun bisita gidatuekin jarraituko dugu, eta parrokiako klaustroan dagoen Corpus eguneko erakusketa sartu dugu. Bisita gidatuak lau hizkuntzatan egingo ditugu: euskaraz, espainolez, ingelesez eta frantsesez", esan digu Oñatiko turismo teknikari Iñaki Igartuak.
Bestalde, Bergarako bulegoan berrikuntzarik ez dutela esan digute. "Orain arte egindako bisita gidatuak eskaintzen jarraituko dugu. Bestalde, herriko eskaintza biltzen duen liburuxka berriaren zain gaude. Une honetan inprimategian dute, eta bi aste barru edo turisten eskura jarriko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak