Korrika 16: etorkinei eta euskara berreskuratutakoei omenaldia zapatuan

Jon Berezibar 2009ko otsailaren 2a

Hilabete eta piku besterik ez da falta Tuteratik euskararen lekukoa abiatzeko eta zangoak berotzen hasi baino lehenago Korrika Kulturala arduratuko da animoak pizteaz. Bergaran martxoaren 6an 'Kanpaiak jo bitartean' antzezlana egongo da Zabalotegin baina dagoeneko hasita dagoen egitaraua Euskal Herri osotik egingo diren antzerki eta bertso saioekin osatuko da. Ekitaldi guztietatik berezia bat izango da eta hori datorren zapatuan Bilboko Euskaldunan egingo den omenaldia izango da.

Bidaia intimoak

Izen hori daukan dokumentala estreinatuko da zapatuan euskara ikasi eta zabaldu duten etorkinei omenaldi modura. Kanpora joan barik ere "frankismoaren edo frantses estatuko lege jakobinoen erruz, euskara galdu duten familiak" eta haiek hizkuntza berreskuratzeko egindako lana ere eskertu gura dute Korrika 16-n. Antolakuntzatik honela azaltzen dute filmaren muina: "Dokumental honen protagonistak euskaraz bizi nahi dugunon herrira etorritako lau pertsona  dira,  Korrika 16ren  omenaldi  beroa merezi  duten  milaka eta milaka lagunen ordezkari gisa hartutakoak. Hala, Mixele, Rami, Jesus Mari eta Tereixaren bizitzetan euskaldun asko eta asko identifikatuta sentituko direla uste dugu, beraiek euskaraz bizi nahi dugunon herrira egindako ibilbidea milaka lagunek egin dutenaren antzekoa izango baita ziur aski".  Mixele nagusitan euskara berreskuratu eta egun AEKko irakasle den lapurtarra dugu, Rami Aljeriako etorkin Goizuetarra, Jesusu Mari, ermuarra, nagusitan euskara ikasi zuena eta Tereixa, ostera, galiziarra dugu, Bilbora lan bila etorritakoa. Jon Maia da filmaren egilea. Zapatuan, Euskalduna Jauregian estreinatuko da arratsaldeko 19:00etan.

Ongi etorri, Debagoienera, azken egunean

Eta Bergarako hitzorduaren ondoren debagoiendarren ordua apirilaren bostean bertan izango da, Korrika 16-ren azken egunean. Bergarara iritsiko da lehengo eta hortik Antzuolara. Gipuzkoara itzuli eta Legazpikoei lekukoa hartuko dietenak oñatiarrak izango dira, Leintz Bailarekoak ostean eta Ullibarri Ganboatik barrena helduko da lekukoa azkenik Gasteiza. Martxoaren 26an hasiko da Korrika 16.

 Beroketa lanekin hasteko, bideoklipa:

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak