Debagoienean, Korrika domeka goizaldean

Jon Berezibar 2009ko api. 3a, 12:22
Korrika Txikiak egin dituzte eskola umeek eta lekukoa helduei emanda gure ibarretik domeka goizaldean pasatuko da Gasteizera bidean. 00:00etan Eibartik datorrela Osintxun sartuko da eta Bergarako kaleetan ibili ostean, Antzuolarako bidea hartuko du. Gero Deskargako mendatean gora segi eta Urola bailaran ibili ondoren, Udanan barrena sartuko da berriz Korrika gurera, 03:30ean, eta Oñatitik Elorregira, handik Arrasatera, eta, herria zeharkatu ostean, Aretxabaleta eta Eskoriatza pasatuta Leintz Gatzagara joango dira korrikalariak. Arabako mugan utziko du Korrikak Debagoiena domeka goizean.

Korrikan eskuz esku pasatzen da lekukoa. Hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzeaz gain, euskaltegien eguneroko jarduera indartzeko dirua biltzea da Korrikaren helburua, eta horretarako kilometroak saltzen dituzte, bakoitza 380 euroren truke, batzuek gehiago ematen badute ere. Udal gehienek, esaterako, 500 euro eman dituzte.

Kilometroak, zatitan banatuta

Debagoienean 53 kilometro dira egin beharrekoak, baina gehiago saldu dira: 82, hain zuzen ere. "Herri bakoitzean zenbat kilometro dauden eta zenbat erosi diren ikusita, zatitu egiten dira eta kilometro batean ordezkari batek baino gehiagok eramango du lekukoa", azaldu digu Lur Gaztelu antolatzaileak. "Zaila izaten da banaketa. Jendeak herri barruko kilometroak nahiago ditu, baina kontuan hartu behar da herri artekoak ere egin behar direla. Badakigu gogorra dela, esaterako, Deskargako, Gatzagako edo Udanako kilometroak egitea, baina norbaitek egin behar ditu horiek ere".

Askotariko korrikalariak

Kilometroak banatuta daude jadanik eta erosleak ere askotarikoak izan dira: auzotar eta herritar taldeak; lantegi, ikastetxe eta erakundeetako langileak; enpresak, ikastetxeak eta udalak; euskara, kultura, gastronomia, mendizale eta emakume elkarteak; dantza taldeak; gazte taldeak; sindikatuak; alderdi politikoak;  unibertsitateak; jai batzordeak; eta jatetxeak, besteak beste. Badira kilometroa erosi arren korrika egingo ez duen talderik ere.

Korrika iritsi arte, korrikalariak ez ezik, giroa berotze aldera, ibarreko herri guztietan ekintzak egongo dira: kontzertuak, jolasak, afariak… Baita korrika pasatu ostean indarrak berreskuratzeko parrandak eta txokolate-janak ere.

Petoak salgai

Herri bakoitzean lekukoa eraman behar duenari petoa emango diote dagokion kilometroaren zenbakiarekin. Bada, ordea, Korrikako petoa jantzi nahi izaten duenik. Hortaz, oraindik euskaltegian eskuratu ez baina korrika egiteko petoa jantzi nahi duenak badauka aukera erosteko. "Horretarako, Korrika herri bakoitzera iritsi baino ordu erdi inguru lehenago furgoneta bat ailegatuko da eta han izango dira petoak salgai bost eurotan", esan digu Lur Gazteluk.
Petoak bai; Korrikako materiala, ordea, jadanik erretiratu egin dute herri gehienetan. Antolatzaileen esanetan, "salmentak nahiko ondo joan dira. Uste baino material gutxiago bidali zuten eta politena beti azkar agortzen da, baina saldu dira gauzak...". Arropa erosteko gogoz geratu direnek Korrikaren amaiera jaian, Gasteizko Plaza Berrian dute aukera.

Leloa: 'ongi etorri'

Mezu horrekin ongietorria eman nahi zaie batez ere kanpotik etorri eta gurean euskara ikasi dutenei. Baina Korrikari herri bakoitzean ongietorria egitearekin bat, Korrikak beso zabalik hartuko ditu euskalgintzan dabiltzanak, euskaltzaleak, euskaldunak, euskaldundu nahi dutenak, bertokoak eta kanpotik datozenak. Horrenbestez, denak korrika. 

Ibilbidea eta ekitaldiak

Antzuola

Apirilak 3
19:00: Bertso-triki poteoa.

Apirilak 4
11:00-13:00: Umeendako jolasak frontoian: puzgarriak, marrazki tailerra...
16:30: Umeendako zinema Olaranen.
19:00: Film laburren emanaldia Olaranen.
21:00: Herri afaria frontoian.

Apirilak 5
01:00: Korrika 16ri ongietorria.
Ondoren: txokolate-jana eta opariak plazan.
Gero: parranda gaztetxean, karaokea, jolasak...

 

Korrika 16: Antzuolako ibilbidea map

Bergara

Apirilak 3
19:00-21:00: Erromeria Domingo Irala kalean Jarduneko trikitilariekin; eta Gazte Alai eta Abarka dantza taldeen erakustaldia.

Apirilak 4
22:30: Erramu-zapatua izanik, Hesian taldearen kontzertua izango da Domingo Irala kalean.

Apirilak 5
00:00: Korrika 16ri ongietorria Osintxun.
00:30: Korrika 16ri ongietorria herri erdialdean.


 

Korrika 16: Bergarako ibilbidea map

Oñati

Apirilak 4
18:00-20:00: Kantu poteoa Ganbara abesbatzarekin.
18:30: Txorimaloak.
19:30: Oñatiko dantzariak herriko kaleetan barrena.
22:30: Bertso saioa Ona aurreko plazatxoan.
Ondoren: Kontzertuak Oñatiko musika taldeen eskutik.

Apirilak 5
03:30: Korrika 16ri ongietorria Udanako gainean.
04:15: Korrika 16ri ongietorria herri erdialdean.


 

Korrika 16: Oñatiko ibilbidea map

Arrasate

Apirilak 4
21:00: Bertso afaria, Uarkape tabernan.

Apirilak 5
05:10: Korrikari ongietorria
Elorregiko biribilgunean.
05:30: Korrika 16ri ongietorria Musakolako San Isidro eliza parean.
05:40: Korrika 16ri ongietorria
Seber Altuben.


 

Korrika 16: Arrasateko ibilbidea map

Aretxabaleta

Apirilak 3
16:30: Boloa umeendako. Ondoren: txokolate-jana.
18:00: Ludotekako umeen antzerkia Kurtzebarriko aretoan.
21:00: Izar erakustaldia herriko plazan.

Apirilak 5
06:00: Korrika 16ri ongietorria.


 

Korrika 16: Aretxabletako ibilbidea map

Eskoriatza

Apirilak 3
16:30: Txokolate-jana plazan umeendako.
Ondoren: Bertsoak herriko plazan.
17:30: Arropa salmenta eta eskulanak herriko plazan.

Apirilak 4
18:00: Umeendako jolasak herriko plazan.
19:00: Txistorra pintxoak eta ardo dastaketa herriko plazan.
19:00: Poteoa Eskoriatzako txistulariekin.
20:00: Korrikako bideoklipak herriko plazan.

Apirilak 5
06:20: Korrika 16ri ongietorria Ederlan parean.
07:00: Txokolate-jana plazan.



 

Korrika 16: Eskoriatzako ibilbidea map

Leintz-Gatzaga

Apirilak 3
21:00: Bertso afaria elkartean Mañukorta eta Labaienekin.

Apirilak 5
07:00: Korrika 16ri ongietorria Marulandan.
Ondoren: Gosaria.

 

Korrika 16: Leintz-Gatzagako ibilbidea map

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak