Kontrol kanpaina moto, ziklomotore eta bizikleta gidariek arauak bete ditzaten

Irati Agirreazaldegi 2009ko martxoaren 28a

Ertzainek kanpaina berezia ipini dute abian moto, ziklomotore eta bizikleta gidariek oinarrizko neurriak betetzen dituztela kontrolatzeko. Moto gidari eta txirrindulari banarekin izan gara euren iritzia jasotzeko.

Bi gurpil eta abiadura; batetik bestera mugitzeko ibilgailuak dira motoak, ziklomotoreak eta bizikletak. Ibilgailu horien kontrol kanpaina berezia egingo du Herrizaingo Sailak apirilaren 5era bitartean. Nahitaezkotzat jo du ertzaintzak Euskadiko Trafikoaren Segurtasunerako Planaren harira ibilgailu horien gidariek izaten dituzte istripuen aurka borrokatzea eta horretarako areagotu dituzte kontrolak.

Kanpainan kontuan hartuko dute oinarrizko neurriak betetzea, kaskoaren erabilera, dokumentazioa eguneratua izatea (gidabaimenak, IAT azterketak eta aseguruak) eta zaraten inguruko arauak errespetatzea. Bestalde, abiaduran eta beste ohitura txarren aurrean ere kontzientziazio lana egingo dute.

Gipuzkoan 3.895 denuntzia iaz

Moto gidaria da Jose Luis Arregi antzuolarra eta ondo iruditzen zaio kontrolak egitea, batik bat paperei dagozkienak: "Asegururik izan ez eta beste bat motoarekin joz gero, edo alderantziz joten zaituenak asegururik edo gidabaimenik ez badu edo lapurtutako motoa gidatzen badihardu larria izan daiteke benetan". Bera ez dute kontroletan geratu, baina Donostian, moto asko ibiltzen den hiria izanik, ikusi ditu moto gidariak ertzainek edo udaltzainek geratuta. "Joan zen astean Donostian moto txiki bat gidatzen zihoala alaba geratu eta paperak eskatu zizkioten".

Kanpainaren helburua da moto, ziklomotore eta bizikleta istripu kopurua jaistea. 2008an, Gipuzkoan, moto gidariek 1.450 denuntzia jaso zituzten arauak hausteagatik, txirrindulariek 32 eta 2.413 ziklomotore gidariek.

Bestalde, ertzaintzak erregistratutako istripuen arabera iaz txirrindulari bat hil zen, 13 larri zauritu eta 58 arin; moto gidarien kasuan zazpi izan ziren hildakoak 28 larri zaurituak eta 102 arin; ziklomotoreetan 16 gidari larri zauritu ziren eta arin 57.
Motoen arriskuaz kontziente da Jose Luis Arregi eta kontrolak egitea ondo dagoela esan arren, zera gaineratu nahi izan du: "guri arauak betetzeko eskatzen diguten moduan guk, moto zaleok, egiten ditugun eskariak ere bete beharko lituzkete; esaterako, errepideak konpontzea edo babes hesiak ipintzea".

Bizikleten kontrol berezia

Kanpaina honetan lehen aldiz kontrol berezia egingo da bizikleten zirkulazioaren gainean, eta garrantzi handia emango diote Zirkulazio Araudi Orokorrak ibilgailu hauen inguruan jasotzen dituen arauei; batez ere kaskoaren erabileraren gainekoei.  Betetzen ez dituztenei araudiko informazioa gogoraraziko zaie.

Araudiak jaso arren maiz espaloien inguruko araua ez da betetzen. Arau horren arabera, "bizikletek eta ziklomotoreek, eurentzat bereziki egokituta ez dagoen bidea bada, eskumako  bazterbidetik ibiliko dira, ibiltzeko modukoa eta behar besteko zabaleraduna bada; hala ez balitz beharrezkoa zaien errepideko zatia erabiliko dute. Bihurgune asko dituen jaitsieretan, segurtasun arrazoiek ahalbidetzen dutenean, gidariak bazterbidea utzi eta errepidearen eskuinaldetik ibili ahal izango dira. Bizikletek elkarren ondoan zirkulatu ahal izango dute beti ere bikoteka eta errepideko eskuineko bazterretik ahalik eta hurbilen. Ikuspena ona ez bada edo trafikoa areagotzeko arriskua eraginez gero, ilaran jarri behar dira. Azkenik, autobideetan  bazterbidetik baino ezingo dute zirkulatu".

Txirrindularia da Benigno Menor 'Txiki' eta uste du badirela txirrindulari batzuk arauak hausten dituztenak. "Gero gainontzekook ordaintzen dugu haien jokabide eskasa". Bere esanetan, "jende dezente dago arauak betetzen ez dituena; semaforoetan gorri egon arren aurrera egiten dutenak, kaskorik gabe ibiltzen direnak… Bizikleta gainean errespeta gaitzaten eskatzen dugu, baina gero badira txirrindulariak arauak errespetatzen ez dituztenak", hortaz, ondo ikusten du kontrolak egitea.

Txikik lehen kaskoa gorroto zuen, orain, ordea, ez da kaskorik gabe irteten. "Kurtzetan behera istripu bat izan genuen orain dela urte asko. Denok kaskorik gabe gindoazen eta lagun batek buruan ebakia egin zuen. Gertaerak zer pentsatua eman zidan".

Txirrindularieen artean bezala auto gidarien artean denetarik dagoela uste du, "batzuek errespetatzen gaituzte eta besteek ez. Taldean goazenean jasotzen dugu kexa asko. Bi ilaratan, paraleloan, joatearen aldekoa naiz ni, hortik gora ez zait ondo iruditzen", esan digu.

Kaskoa derrigorrezkoa herri artean

Ertzainek kontroletan arreta handia ipiniko diote kaskoaren erabilerari. Moto eta ziklomotore erabiltzaileek derrigorrez erabili behar dute kaskoa herri barruko zein herriarteko errepideetan. Txirrindulariak derrigortuta daude kaskoa erabiltzera herri arteko bideetan; herri barrukoetan Udalek aukera dute kaskoaren erabileraren araudia egokitzeko. Kaskorik ez erabiltzea arau hauste larria izanik gidariek 150 euroko isuna jasoko dute; moto eta ziklomotore gidariei gainera gidabaimeneko hiru puntu kenduko dizkiete. Gainontzean, txirrindulariek zirkulazio arau orokorrei erreparatu beharko diete eta isunak egindako arau hausteen araberakoak izango dira.

Bi gurpilean gainean eta arriskua errepidean. Kontrolak eta kanpainak ez daudenean ere arauak betez arrisku horietako batzuk saihesteko modua dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak