Konpostajearen alde, 18 edukiontzi

Jasone Zabala 2008ko abuztuaren 31

Ekimen pilotua izango da; horren aurkezpena etzi egingo dute Aretxabaletako kultura etxean

Aretxabaletako Udalak eta Debagoieneko Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, materia organikoa gaika biltzeko probako esperientzia jarriko du martxan Aretxabaletan, eta horretarako bosgarren edukiontzia ipiniko du, marroi kolorekoa. Esperientzia hori martxan jarriko duen ibarreko herri bakarra izango da Aretxabaleta. Ekimen horren aurkezpena etzi izango da goizeko 11:00etan Kultura etxeko Zaraia aretoan. Ekimenak Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa Integralaren Planaren helburuak betetzea du xede. Herrialde osoan martxan jartzean, 60.000 tona hondakin organiko konpost bihurtu ahal izango dira.

 

18 edukiontzi

Inaxio Garro Aretxabaletako alkateak adierazi duenez: "Guztira materia organikoa batzeko 18 edukiontzi jarriko dira herrian. Bestalde esan, Aretxabaletan orain arte 343 familiak eman dutela izena esperientzia honetan parte hartzeko, eta kopuru hori ahalik eta handiena izatea da gure helburua; birziklatze kontzientzia sortu behar da jendearengan". Edukiontzi horiek erabili ahal izateko izena emateko epea gaurtik hasi eta datorren hilaren 12ra arte egongo da. Izena eman dutenek, irailaren 18an, 19an eta 20an zera jasoko dute Arkupe kultura etxean: informazio liburuxka bat, kaleko edukiontzi marroia irekitzeko giltza, hondakin organikoak sartzeko ontzia eta konposta egiteko poltsak.
Argibide gehiago nahi duenak 943 08 10 01 telefonora deitu dezake. Udalak adierazi du, dataren barruan izena ematen ez dutenek ezin izango dutela esperientzia pilotuan parte hartu. Baina esperientzia hori Gipuzkoa osora hedatzen dutenean, gainontzekoek orduan izango dute aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak