Gipuzkoa osoko hiri hondakinen kudeaketa erregulatuko duen Foru Araua gertatzen dabil Aldundia, 384 milioi euroko inbertsoaren bultzada izango duena. Sistema horren barruan eraikiko litzateke Arrasate eta Bergara arteko bidean konpostaje lantegi bat; laugarrena Gipuzkoan. Baina ez da konpostajea bakarrik sustatuko, birziklapenarekin batera hiri hondakinen %57 tratatzera heltzea gura dute-eta arau berriarekin.
Denborak aurrera egin ahala, sistema berrian Aldundiak aurreikusten duen inbertsioa handiagoa da. Horrela, inbertsio osoaren kopurua areagotzeaz gain, laugarren konpostaje lantegi bat egitea ere sartu dute planen barruan –Debagoienekoa, hain zuzen–.
Konpostaje lantegien lanei ekin baino lehen, baina, Zubietan jasoko duten Hondakinen Tratamendurako Gunea egingo dute. Bertan egongo da erraustegia eta hasierako asmoa da 2013rako erabiltzeko moduan egotea. Sistema bateratua izateaz gain, kudeaketa ere bateratua izango da eta datorren urteko ekainean hasiko litzateke Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa gestioarekin. Partzuergoak gainera, tarifa bakarra ezarriko du probintzia guztirako; hortaz, gipuzkoar guztiek kopuru berdina ordainduko lukete hondakinen tratamenduarengatik.
Hori sistemari dagokionez, baina ez da kudeaketa bateratzea Foru Arau berriak bilatzen duen aurrerakuntza bakarra. Hiri hondakinen %57a gura dute birziklatu edo konpostajearen bitartez berrerabili. Gainontzekoa erre egingo litzateke (Zubietako erraustegian). Erraustetik ateratako zepa errepideen eta hormigoizko prefabrikatuen eraikuntzarako erabiliko da.
Aldundiak 2016rako aurreikusten du sistema osorik martxan izatea.