Hain zuzen, Arrasate da komun publiko gehien dituen herria: Seber Altube plazan, Garibai etorbidean, Monterronen, Iturripen eta merkatuan. Bergaran, Usondo parkean eta autobus geltokian daude komun publikoak, udaletxekoez gain eta Aretxabaletan Otalora kalean dituzte. Gatzagako komun publiko bakarra Arrate jatetxearen azpialdean dago. Antzuolan, udaletxeko komunak dira zerbitzu publikoa dutenak eta Eskoriatzan, erretiratuen elkarteko tabernakoak.
Autogarbiketa
Ibarrean jarri dituzten komun publiko berriak gutxituendako egokituta daude eta autogarbiketa sistema dute. Horixe dute, adibidez, Arrasateko Seber Altuben eta Garibain eta Oñatiko plazan daudenak. Hala ere, garbitzaileak ere joaten dira. Herri gehienetan Udalak kontratatutako garbiketa enpresako langileak arduratzen dira garbi mantentzeaz eta xaboia eta papera jartzeaz.
Aretxabaletako Udalak, adibidez, 5.500 euroko aurrekontua du Otalora kaleko komunak garbi mantentzeko. "Uraren iturria edo komun-ontzia konpontzearen kostua, adibidez, aparte izango litzateke", dio Jose Mari Segoviak, Aretxabaletako Udaleko hirigintza teknikariak. Arrasaten, 15.900 euro dituzte.
"Eskoriatzan, erretiratuen taberna hartzen dutenak arduratu behar dira komuna garbi mantentzeaz", azaldu du Dorleta Lezetak, obretako zinegotziak.
Ordutegia
Egunez, egunero daude zabalik ibarreko komun publikoak, Antzuolakoak izan ezik. Udaletxean daudenez, itxita daude udaletxea ere itxita dagoen egunetan. Ordutegiari buruz, berriz, gauez itxita egoten dira gehienak. Erabiltzaileei begira, komun publikoak jende dezentek erabiltzen dituztela diote herri gehienetako udal ordezkariek. Gehienek, gainera, erabiltzaileek modu egokian, txukun, erabiltzen dituztela aitortu dute. Arrasaten, hala ere, beti ez da horrela gertatu eta neurriak hartu dituzte. "Seberon eta Garibain dauden komunetan, adibidez, ez dago paperik. Hasieran jarri genuen, baina jendeak tira egiten zion paper-bilduari eta paper dena komun-ontzira botatzen zuten. Azkenean erabaki genuen bi komun horietan paperik ez jartzea", aitortzen du Amaia Aranak, Arrasateko zerbitzuetako udal teknikariak.
Proiektu berriak
Oñatin, plazan eta Arantzazun dituzte komun publikoak baina gehiago jartzeko asmoa ere badute. "Postetxearen inguruan jarri nahi ditugu, kanpotik autobusez datozten bisitariendako batik bat", dio Jose Mari Igartuak, Oñatiko obra eta zerbitzuetako batzordeburuak. Arrasaten ere pasealeku baten jartzeko proiektua dute. "Oraindik erabaki gabe dago Musakola aldera, Garagartzara edo Aretxabaleta aldera doan pasealekuan jarriko duten, baina asmoa badute", dio Amaia Aranak. Bergaran ere berriak egingo dituzte Domingo Irala kale berrituan. "Uztaila bukaerarako amaituko dituzte kale horretako lanak eta komunak ere, beraz, udararako egongo dira gertu", dio Agurne Barruso alkateak.