'Kipula hiltzaileendako' sari nagusia HUHEZINEMAko rallyan

Jon Berezibar 2009ko mar. 29a, 20:57
'Kipula hiltzaileendako' izan zen zapatuko lasterketaren lehen saria. Rally batekin eta aurkeztutako zortzi taldeekin, horrela, hasi zen HUHEZINEMA II. jaialdia. Sormenarekin, umore handiz eta, batez ere, presaka, egin izan behar zioten aurre, hortaz, erronkari egun batez bat-bateko zinemagile izan zirenek.

Formatu ondo dibertigarria da rallyarena eta lehia baino jolaserako gertu zeuden parte hartzaileak: gaia esan eta iluntzerako prest izan behar zituzten lanak, hiru minutu eta erdikoak, asko jota. Herri txikia, infernu handia, horixe gaiaren baldintza eta Oñatin eta Aretxabaletan kokatu behar izan zituzten istorioak. Killer kipula izeneko lana aurkeztu zuten Zapatilla Films taldekoek eta haiek eskuratu zuten 500 euroko lehen saria, erritmo bizi eta misteriozko labur batekin, Attack of the Killer Tomatoes kultuko filma zuzenean omenduta. Bigarren (300 euro), aldarte serioagoarekin, Aukaretatukoak geratu ziren, mutil bikote batek jasaten duen destaina landuta, maskaren metafora batekin, eta azkenik hirugarren eta 200 euro poltsikoratuta, Erdizka taldekoak geratu ziren ekialdeko bahitzaile talde baten istorio ilun batekin.
Lau kidek osatutako epaimahaiak hartu zuen azaldutako erabaki hori: Jon Andueza ekoizleak, HUHEZIko bi ikaslek eta GOIENAko ordezkari batek, hain zuzen. Sari banaketan Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria ere egon zen; hark eman zuen sari nagusia.

Ikasleen ordua gaur

Rallyko jai giroaren ostean gaur HUHEZIko ikasleei egokituko zaie pantaila handian euren dohainak erakustea. Bihar, martitzena, MU lehiaketako proiekzioak iritsiko dira eta lehiaketa ofizialeko lanak eguaztenean emango dituzte Arrasateko Kulturaten. Sari banaketa, eta, horrenbestez, jaialdiaren amaiera eguenean izango da Aretxabaletan, Arkupe kultura etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak