Gaur aurkeztu dute Kilometroetako abestia: country doinu dantzagarria

Maider Arregi 2007ko eka. 19a, 17:06
Gaur, ekainak 20, aurkeztu dute aurtengo Kilometroetako abestia. Donostiako Doka Kafe Antzokian egin dute aurkezpena. Abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte. "Kanta alaia, dantzagarria eta lehen entzunaldian harrapatzen den horietakoa" dela esan du egileak, Asier Elortzak, Belceblues taldeko kide eta Aranzadi Ikastolako irakasle denak. Urriaren 7an Bergaran ospatuko den Kilometroetako abestiari eta bideoklipari ahalik eta oihartzun handiena ematea da antolatzaileen, Aranzadi Ikastolaren, asmoa.

Aurkezpenean izan dira: Unai Azkarate (koordinatzailea), Igor Elortza (koordinatzailea), Aitor Arantzabal (Jarduneko bertso eskolakoa, letraren egileak) eta Asier Elortza (musikaren egilea). Argazkietan hala agertzen dira goitik behera eta ezkerretik eskumara.

Kilometroetako abestia, country doinu dantzagarria


Belceblues bergarar musika taldeko Asier Elortzak (Aranzadi Ikastolako irakaslea ere bada) egin du abestiaren musika; letra, ostera, Jarduneko bertso eskolakoek.
Country tankerako abesti alai eta dantzagarria da, lehen entzunaldian sartzen den horietakoa. Horixe zen baldintzetako bat, hau da, komertziala edo erraz harrapatzekoa izatea. Ikastola, Kilometroak eta ikastolen inguruko aipua ere behar zuen abestiaren letrak. Horretaz gain, elkarlana eta kultura aniztasun kontzeptuak islatzea ere beharrezko ikusten zuen Kilometroetako Komunikazio batzordeak, abestiaren ardura eduki duen taldeak. Bideoaren muntaia, berriz, Goienak egin du.

Contry doinu dantzagarria

Asier Elortzak abestiari buruzko zehaztapen teknikoak eman dizkigu: "Kilometroetako abestia alaia izan behar denez, Country erritmo bizia eman diogu abestiari eta ahotsak blue-grass estiloan landu ditugu. Kultur aniztasunak eta baita musika estilo honek Ipar Ameriketako influentziak aipatzera eramaten gaitu. Haizezko laukote baten dotorezia eta indarra ere aipatu behar ditugu. Azkenik, eta hau guztia borobiltzeko, trikitiak eta soinuak euskal kultur kutsua eman diote, eta biolinek folk eta zeltar ukituak".

25 bat laguneko taldea

Bergaran jaiak izan direla-eta, jai egun horiek aprobetxatu dituzte azken entseguak egin eta abestia grabatzeko. Arrasaten grabatu dute. Dozena bat lagunek osatu dute taldea, bizkarrezurra Belceblues hirukoak osatzen badu ere. Eta beste dozenak bat neska mutikok, Aranzadiko ikasleak, umeen korua osatu dute. Honako hauek izan dira grabazioan parte hartu dutenak: Asier Elortzak, Aitzol Mujikak eta Uxue Rodriguezek ahotsak ipini dituzte. Umeen korua, berriz, Uxue Olaziregi, Danel Urtzelai, Hodei Perez, Xabier Iñurrieta, Martin Oteiza, Andoni Etxezarreta, Mikel Arantzabal, Itsaso Kalbano, Itziar Retes, Paulo Garitano, Mireia Arana, Mikel Vaz eta Irati Murgiondok. Musikariak, bestalde, honako hauek izan dira: Oihan Vega (bateria), Ibon Larrañaga (gitarra elektriko eta akustikoa), Asier Elortza (baxua eta tronpetak), Josu Zeziaga (esku soinua) Eduardo Txurruka (biolina), Miguel Angel Maniega (tronpetak), Mikel Markiegi (tronboia), Aitor Elortza (saxo altua) eta Josu Alvarez (saxo tenorra).

Elkarlana

Abestiaren letra egiterakoan, bertsoaren neurriari dagokionez, bertso neurri konkretu baten egitura hartu nahi izan dute Bergarako bertso eskolakoek, baina betikotasunetik urrun. Horregatik hautatu dute erabilitako neurria, bertso doinu zahar bat, motza eta bizia. Leloa, berriz, neurri konkreturik jarraitu barik eraiki dute, erritmikotasunari eta melodikotasunari erreparatuz.
"Orokorrean, kronologikoki antolatutako bertsoak idatzi nahi izan ditugu: atzo, gaur eta bihar. Ikastolak azpimarratu nahi izan duen ideietako bat elkarlana izan da, jende askoren lana beharrezkoa izan dela, alegia, eta horregatik bertso bakoitzean hitz hori aipatzen da, aditz forma desberdinetan". Enaitz Alustiza, Jarduneko bertso eskolako kidearen berbak dira.

"Erronka polita"

Alustizak dioenez, "bertso eskolakoendako erronka polita izan da Kilometroetarako kantu hau egitea. Lan desberdin eta garrantzitsua, izango duen sona handia dela badakigulako. Jende askok parte hartzu duenez, guztiak koordinatzea izan da lanik zailenetarikoa. Antolaketako arduradunen iritzia kontuan hartu da eta aldaketa batzuk egin behar izan ditugu. Prozesu guztiaren ostean, lortutako emaitzarekin harro eta pozik gaude".

Sei aukera

Abestirako prozesuan, letra egin da lehenbizi eta, ostean, musika jarri zaizkio berbei. Horretarako, ikastola inguruko hainbat musikariri abestiaren melodiak sortzeko enkargua egin zitzaien eta sei lan aurkeztu ziren. Jesus Mari Sagarna konpositoreak, pianoarekin sortutako melodia elegante eta berezi bat aurkeztu zuen; Bergarako Emon talde gazteak trikiti eta ska doinuko melodiak aurkeztu; Xabi eta Izaskun Labaienek ahotsak era oso berezian trataturiko abesti bat aurkeztu dute, bi estilo ezberdin uztartuz abesti berean; Mahaster River taldeak funky kutsuko melodia bat sortu du bateria eta guzti (hori berria da talde bergararrari dagokionean); Aitzol Mujikak ere proposamen aparta aurkeztu du, erritmo eta melodia eder eta erraz sartzen direnak eginez; nolanahi ere, guztietan berezi eta erakargarriena Asier Elortzak, Belceblues taldeko abeslari eta baxu jotzaileak, eta Aranzadi Ikastolako irakasle denak, aurkeztu du.

Kilometroak 07ko bideoklipa eta mp3a



Abestiaren letra

Argi da

Historia hartuaz
oroimenean,
Elhuyarren bonbila
piztu zenean,
elkarlanean,
Herritik ikastola
modu berean.

Gurean aitzindari
da Aranzadi,
Herriaren gogotik
indar ugari,
elkarlanari,
ikastola eredu
eta gidari.

Argi izpiak doaz
zirrikitutik,
euskara ihesean
ezpain artetik,
elkarlanetik,
etorkizuna sortuz
iraganetik.

Gure esku daukagu,
geroko giltza,
oinetan garraioa,
ahoan hitza
elkarlangintza,
hori da arrazoia
eta baldintza.

Geroaren distira.
Aurrera begira.
Argi daukagu.
Argi da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak