Karmele Igartua eta Julen Arriolabengoa saritu dituzte Euskaltzaindia-BBK literatura sariketan

Jon Berezibar 2007ko abenduaren 18a

Karmele Igartua aretxabaletarra olerkigintzan eta Julen Arriolabengoa aramaioarra saiakeran izan dira Euskaltzaindiak eta Bilbao Bizkaia Kutxak elkarlanean antolatzen duten sariketako irabazleak. Hala jakinarazi du Euskaltzaindiak gaur Bilbon. Igartuak 'Hitzak orbainetan' olerki-lanarekin irabazi du Felipe Arrese Beitia izeneko saria eta Arriolabengoari Mikel Zarate saiakera-saria eman diote 'Euskara Ibarguen-Cachopin kronikan' lanarengatik.

Karmele Igartua

Aretxabaletarra da Karmele Igartua (1959) eta herriko eskolan dihardu irakasle. Betidanik poesia zalea izanda, antzezlanak sortu eta ikasleekin antzezteko aukera izan du hark. Hitzak orbanetan orbainei eta bizitzak utzitako aztarnei arretaz begiratuz eta mintzatuz idatzitako poema liburua da. Zazpi atal dauzka liburuak eta atal bakoitzaren atarian definizio bat jarri eta esanahi bat aletzen da, poemen arteko lotura ehunduz

Julen Arriolabengoa

Aramaioarra, EHUn Euskal Filologian doktorea da Arriolabengoa (1960). XVI. mendearen bigarren erdian zehar, fase ezberdinetan idatzitakoa da "Ibarguen-Cachopin Kronika" izenaz ezaguna den lana, egileek, Juan Iñigez de Ibarguen eskribauak eta Cachopin doktorearen semeak, Crónica General Española y Sumaria de la Casa Vizcaína izenburuarekin.

   Behin baino gehiagotan azpimarratu zuten lan honen garrantzia, besteak beste, Koldo Mitxelenak, Julio Caro Barojak  eta Julio de Urquijok. Baina argitaratu gabe dago eta egoera kezkagarrian dirauen eskuizkribua da. Haren 184 koadernoetatik 71 kontserbatzen dira soilik, eta Arriolabengoak kronika hau aukeratu zuen haren tesia egiteko.

   Sariketa honetara aurkeztu duen lanean, gaztelaniaz idatzitako kronika horretan aurkitu dituen euskarazko testu eta hitz guztiak aurkeztea eta ezagutzera ematea izan du helburu Julen Agirrebengoak. Berak azaltzen duenez, euskal hizkuntza eta literaturaren ikuspegitik kronikek utzitako ondarea txikia da kopuruz, baina handia garrantziaz, euskara zaharrak idatzirik utzitako lekukotasunetan lehenetarikoak dira-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak