Kantuz eta koplaz bete zaizkigu bazterrak Santa Ageda bezperan

Usoa Agirre 2009ko ots. 4a, 10:18
Goizean goizetik irten dira kantuan Aretxabaleta, Eskoriatza eta Antzuolako kintoak eta beranduxeago egin dute Arrasateko Santa Ageda Koruek eta herri gehienetako eskola-umeek. Kantuak dioen moduan, "jende guztia kantuz pozten" arituko dira gaur ibarreko txoko guztietan.

Arrasateko Santa Ageda Koruak

San Juan parrokian 08:00etako meza entzuten hasi dute eguna Santa Ageda Koruek. 50 lagunetik gora elkartu dira, guztiak ere dotore asko, baserritar jantziarekin eta egun osoan kantuan jarduteko gogo sendoarekin. Ohiturak agintzen duen moduan, meza bukaeran Ageda zaindariaren omenez kantatu dute, eta horren ostean jantzi dituzte zapiak lepoan, San Ferminetan moduan, kantatu ostean bakarrik jantzi ditzakete-eta lepoko zapiak.
 
Edozelan ere, ez dute zapien behar larregi izango gaur lepoa edo eztarria bero mantentzeko; eguraldia lagun, bi taldetan banatu eta goiza kantuan emango dute Santa Ageda koruek, Arrasateko gaiteroek lagunduta, baserriz baserri eta kalez kale. 14:00ak arte ibiliko dira. Ordu horretan Herriko Plazan elkartuko eta udaletxe aurrean herriko agintariei kantatuko diete.
 
Horren ostean bazkaldu egingo dute, indarrak berreskuratzeko. Izan ere, egun osorako lana dute gaur Santa Ageda Koruek. Bazkal ostean herriko kaleak girotuko dituzte, tabernaz taberna; 21:00ak arte jardungo dute, gainera. Izan ere, 21:00etan kantatuko diote Santa Agedari azkeneko aldiz, Herriko Plazan. Afari ederrarekin bukatuko dute eguna.

Kintoak

Ohitura duten moduan, goizen goizetik irten dira baserriz baserri kantuan Antzuola, Aretxabaleta eta Eskoriatzako kintoak. Egun osoa emango dute baserrietako produktu freskoak eta dirua biltzen, produktuen truke koplak kantatuz.

Eskola-umeak

Ibarreko eskola gehienetako umeak irtengo dira gaur ere kantuan. Santa Ageda bezperan ohitura den moduan, baserritar jantzia soinean jantzi eta kalez kale arituko dira abesten.

Abesbatzak

Arratsaldean irtengo dira herri gehienetako abesbatzak kantuan. Iluntzearekin batera, kalez kale koplak kantatuz joango dira herrietako Santa Ageda koruak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak