Kamioia bete elkartasun Haitirako

Ubane Madera 2010eko martxoaren 3a

Arrasatetik Haitira bidaltzeko kamioia bete dute produktuez. Mesedeetako mojen egoitzan egin dute hitzordua, batutako produktuekin osatutako 188 kaxak Beasainera eramango dituen kamioia betetzeko.

Pozik ikusi dute Mesedeetako mojek kamioia kaxekin ia betetzea lortu dutela. Jantziz betetako kaxak dira gehienak (73), jakiz betetakoak  ondoren (63), baina bestelakoak ere bidali dituzte, adibidez, 24 kaxa bete baloi, edo kirola egiteko jantziz betetako beste 22 kaxa. Hori guztiori herritarrek emandakoa da. Besteak beste, Mesedeetako ikastetxera bertara eramandako produktuak dira, baita ere, Eskualdeko Ospitalean batutakoak, hainbat saltokik emandakoak eta Eskoriatzako Mesedeetako ahizpen bitartez bildutakoak.

Diru ekarpenak

Horrez gainera, 3.200 euro pasa ere bidali dituzte, 1.800 pasa Iturbideko kaperan batutakoak eta beste 1.300 euro pasa herritarrek Mesedeetara bertara eramandakoak. Horrez gainera, banketxeen bitartez bestelako herritarrek ekarpenak batu dituztela ere jakinarazi dute.

Beste herritakoarekin

Orain, hori guztiori Beasainera eramango dute, Fernando Hernandez kamioilari arrasatearraren borondatezko laguntzarekin. Beasainen, Arrasaten eta inguruan batutako guztiarekin edukiontzia bete eta itsasoz bestaldera bidaliko dute, Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean. Eta itsasontziko kargamentua hartzeko gertu izango dira mesedeetako ahizpa gehiago, asko Santo Domingokoak, hemendik bidalitako guztia Haitin banatzeko.

Mesedeetako ahizpek eskerrak eman gura dizkiete ekarpenak egin dituzten arrasatear guztiei, eta baita ere Eskoriatzako ahizpekin kolaboratu duten guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak