Kalte ugari eragin ditu haizealdiak han eta hemen

Ubane Madera 2010ko mar. 1a, 09:43
Gaur parteak egiteko eguna da Debagoieneko herri gehienetan. Salaketak eta kexuak jaso, kristalak konpondu, paretak berregin… Xinthia ziklogenesiak utzitako arrastoak ezabatzen hasteko eguna, alegia.

Arrasatearrek beltz ikusiko dute San Kristobal mendiaren zati bat, sua hartu zuen-eta, argindar poste bat jausi ostean.

Aretxabaletarrek eskertu zuten zapatu gauean argia etorri zitzaienean, nahiz eta gero atzera ere joan, gero berriro bueltatzeko.

Oñatiarrek badute nahikoa lan, besteak beste, Azkoagain futbol-zelaian konponketak egiten.

Baina, berriz, aramaioarrak, adibidez, oraingoan pozik daude, ez da-eta, "aparteko ezer gertatu".

Goizaldera arte lanean

Kontuak kontu, Debagoieneko herri gehienetan zeregin asko  izan zuten zapatu arratsaldetik goizaldera arte. "03:00ak arte ibili nintzen ni, eta etxeratzean, han geratu ziren besteak, leku eta gauza asko zeuden zaintzeko!", kontatu du Patxi Arburuak Arrasateko Zerbitzuburuak. 

Hiru sute eta istripu larria

Zubillagako suhiltzaileek ere ez zuten atsedenerako aukerarik izan. Zapatu iluntzean Arrasaten ibili ziren San Kristobalgo sutea itzaltzen (01:00etarako guztiz itzalita zuten). Tartean AP1 autobidean, Soraluze inguruan, hiru automobilen gainera jausi zen panelarengatik trabatuta geratu zirenak ateratzen ibili ziren (bi zauritu larri eta sei arin). Zuhaitz mordoa ere erretiratu behar izan dituzte, Bergaratik Angiozarrera bidean, adibidez. Eta Elgetako txabola batean gertatutako sutea itzaltzera zihoazela, Bergarako San Blas auzoko baso batean piztu zena emendatzen ibili ziren. Domekan oraindik ere Arrasaten zebiltzan, Elkano kalean (Musakola) arriskutsu geratu diren teilak erretiratzen.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak