Juan Kruz Mendizabalek Bergara eta Antzuolako parroko izateari utziko dio udan

Goiatz Arana Begiristain 2010eko apirilaren 15a

Gaur, eguena, 12:00etan, hartuko du Pastoraltza Bikario kargua Gotzaitegian, Donostiako Gros auzoan. Elizako kredoa errezatu eta hamaiketakoa egingo dute bertan batutakoek.

Zapatuan, apirilak 10, Bergarara egindako bisitan egin zion jakinarazpena Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillak. Kargua onartuta, Donostiara joango da bizi izatera udan; Bergaran jarraituko du ordura arte. Bizitokia aldatzearekin batera, Bergarako Santa Marina eta San Pedro parrokietako, Elosu auzoko eta Antzuolako parroko izateari utziko dio: "Beste bat, gutxienez, aurkitu beharko dugu zeregin horietarako" adierazi dio Goienari.

"Burua, lehengo lepotik"

Juan Kruz Mendizabalek (Ormaiztegi, 1964) aitortu digu "urduri" dagoela eta "kokatzen" dabilela egunotan, "aldaketa handia" izan delako epe laburrean. "Lehengo lepotik daukat nik burua, eta uste dut horrekin duela zerikusia ni aukeratu izanak, egoera honetan kontraste bat izan naitekeelako" esan digu.

Izendapen honekin, Munillak amaitu du Donostiako Elizbarrutiko lan taldea osatzen. Joseba Gonzalez (Azkoitia, 1969) aukeratu du Bikario Nagusi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak