Juan Jose Ibarretxe: "Orain arte lideratu dugu herri hau eta etorkizunean ere bai. Zergatik? Proiektu zehatz bat daukagulako herri honendako". BIDEOA

Usoa Agirre 2008ko urriaren 9a

Urkulluk lehendakari izateko proposatu zuenetik eta Batasunarekin elkartzeagatik urtarrilean epaitua izango dela jakin denetik lehendakariak eskaintzen duen lehen elkarrizketa da hau. Lehen aldia ere bada lehendakari bat Goienaren egoitzara etorri dena. Besteak beste, berriro lehendakarigai izateaz, ezker abertzalea hauteskundeetan egoteaz, ekonomiaz eta etorkizunaz jardun du elkarrizketan. Hemen dituzue elkarrizketa osoaren bideoa eta Goienaren egoitzara egin duen bisitako argazki batzuk.

Politika orokorra

Legebiltzarrerako hauteskundeak

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJren hautagaia izango dela-eta, Ibarretxek esan du maitatua sentitzen dela, hainbeste urte eta gero berriz ere bera aukeratu izanak erakusten duela hori.  
Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz izango diren abenduan edo datorren urte hasieran iragarriko dute. Edonola ere, otsailean edo martxoan izango direla berretsi du.

Lehendakariaren esanetan, horietan edozer gerta daiteke, sozialistek Kongresurako hauteskundeetan emaitza onak lortu bazituzten ere, denbora bat pasa delako orduz geroztik eta programak ere ezberdinak direlako.

PSE-EEren euskararen gaineko manifestua

PSE-EEren euskararen gaineko manifestuari, bestalde, sinesgarritasuna kendu dio, egun batean jarrera bat eta hurrengo baten beste bat erakusten duelako. Mesfidantza sortzen du horrek, lehendakariaren esanetan.

Ezker abertzalea hauteskundeetan

Ezker abertzaleak aurkezteko aukerarik izango ote duen ez daki, baina bera aukera horren aldekoa da. ETAk Isaias Carrasco erail izanari buruz eta Ino Galparsoro kartzelan egon izanaren gainean esan du, bi gertakariak ezin direla maila berean jarri, baina ez dela ezer lortzen ez batarekin ez bestearekin, eta ez dagoela gauzak zertan nahastu.

ETAren su-etenaren porrota eta Loiolako elkarrizketak

ETAk iragarritako azken su-etenak eta Loiolako elkarrizketa saioek zergatik egin zuten porrot galdetuta, ez dakiela erantzun du, abenduan T-4ko atentatua izan eta gero, "berriz ere bildu zirelako alderdi sozialista eta Batasuna batetik, eta ETA eta Espainiako Gobernua bestetik". Bera Zapaterorengana Loiolako txostena oinarri hartuta joan zenean, bestalde, esan du Espainiako presidenteak erantzun ziola berarekin horri buruz ez zuela hitz egingo. Eta horren harira, galdera luzatu du lehendakariak: "gai politikoei buruz ETArekin bai eta gurekin ez?". Eta hor, ETAk, Batasunak Anoetan esandakoa ez zuela aintzat hartu azaldu du, esparru politikoa ere bere eskumena balitz moduan jokatu zuelako ETAk. 

Ezker abertzalearen legez kanporatzea

Ezker Abertzalearen legez kanporatzearen gainean, kalkulu politiko elektorala dagoela esan du eta adierazi du PSOEk eta Batasunak "adostu eta hitzartu zutela EAE-ANV non zen legez kanpokoa eta non ez, non aurkeztu zitekeen eta non ez", eta hori "ez dela bidezkoa". 

Euskaldunon erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du eta biolentzia gaitzetsi eta, horren harira, Espainiako Gobernuaren eta Batasunaren jarrerak bata bestearengandik oso urrun daudela adierazi du, erabakitzeko eskubidea errekonozitzeko prest ez dagoelako lehena, eta ETAren atentatuak gaitzesten ez dituelako bigarrenak. 

Herri galdeketa

Espainiako auzitegiek herri galdeketa egitea galarazi dutela-eta, Ibarretxeren esanetan, kolokan dagoena ez da lehendakariaren galdeketa, herritarren iritzia emateko eskubidea baizik. Gaineratu du, gero eta zailagoa dela Espainian eskubide hori defendatzea eta, horregatik, Europako agendan kokatu dutela. 

Ekonomia

Krisi ekonomikoa

Krisi ekonomikoa Euskadin ere badagoela onartu du Ibarretxek: "Euskadi ez da irla bat", esan du. Edonola ere, gure egoera beste toki batzuetakoa baino hobea dela esan du, eta gaineratu du krisi garaiak oportunitateak direla batzuentzat eta hori aprobetxatzen jakin behar dugula orain, ezin garela kikildu.  

Helburuak bi dira, bere esanetan: gastu soziala bultzatzea eta mahai gainean ipini dituzten ekonomia arloko iniziatibekin aurrera egitea. "Momentuotan, inoiz baino garrantzitsuagoa da lana ondo egitea", esan du. Abantaila bat ere aipatu du, horren harira: "Garai onak izan direnean, gure kudeaketa ere ona izan da, eta orain hori abantaila da guretzat, dirua eskatzeko gaitasuna daukagu, injekzio ekonomikoa egiteko moduan gaude".  

Ibarretxe: "Espainian 2008ko lehen sei hilabetekoan sortu diren lanpostuen erdiak Euskadin sortutakoak dira".

Mondragon Taldea

Mondragon Taldea bizi izaten ari den momentu zailei buruz esan du, dibertsifikatuta dagoela eta hori abantaila dela, zalantza barik. 

Abiadura Handiko Trena

Abiadura Handiko Trenaren abantailak azpimarratu ditu, Europarekin lotzeko metro funtzioa egingo digula esanez. Eta AHTren gaineko herri galdeketa egitearen alde agertu bada ere, eskaera hori berandu etorri dela adierazi du. Eta, berak onartzen duela azpiegitura horren kontra egotea, baina ez bonbak eta halakoak erabiltzea proiektua geldiarazteko. 

Debagoieneko tranbia

Debagoieneko tranbiari dagokionez, Euskadiko luzeena izango da. 27 kilometro luze izango da. Proiektua atzeratuta badoa ere, bailarako udalek aurkeztutako alegazioen eraginez da hori; alegazio horiek aztertzen dabiltza, eta horietako batzuk gainera aintzat hartuko dira. "Debagoieneko tranbia, beraz, ez dago geldirik, egin egingo dugu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak