Gandiaga Topaguneko Topaketa eta Batzarretarako Zentroa erabat bete zen hasiera-ekitaldian. Jonan Fernandez zuzendariak ekainean zendutako Jose Saramago idazlea ekarri zuen gogora, urtetan emandako babesarengatik, eta ikastaroen programazio berria aurkeztu zuen. Bizizikasi pedagogia –gure bizipenaren kontzientziatik ikasiz gure burua hobetu dezakegula esan nahi duena–, Gurasoentzako eta Hezitzaileentzako Eskola, eta beste bederatzi ikastaro –gatazken lantze etikoari edota sufrimendua ulertzeari buruzkoak, tartean–. Formatu ezberdinak eskaintzen dira horiek egiteko: zazpi orduko ikastaroak, zapatuetan; eta hamar ordukoak, asteburuetan.
Anjel Lertxundiren hitzak
Bizitza, zalantzen eremu izenburupean, Xabier Leteren kantu ezagun bateko zitatik abiatuta eskaini zuen sarrera-hitzaldia. Idazlea erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea dela esan eta iturri garbi horiek gizakiaren baitan bilatu behar direla gehitu zuen. “Oinarri etikorik gabe, oinarri moralik gabe, gizarteak ez dauka aurrera egiterik”, azaldu zuen. Baketik-en lana oso garrantzitsutzat jo zuen herri honen aurrera-biderako.