Jose Ramon Txintxurreta oñatiarrak irabazi du udako argazkien lehiaketa

Mirian Biteri 2008ko urriaren 6a

Zumaiako Itzurun hondartzan ateratako argazkia bidali zuen Jose Ramon Txintxurretak. Bigarren postua Oñatiko Xabier Arabaolazak lortu du, abuztuan Islan ateratako irudiarekin. Bergarako Mireia Lizarralde geratu da hirugarren, ilunabarrenean Pontevedran lortutako argazkiarekin.

Udako Argazkien Asteleheneko Goienkaria IV. lehiaketan 135 lagunek parte hartu dute. Guztira, baina, 447 argazki jaso ditugu, lehiakide bakoitzak bost argazki bidaltzeko aukera zuen-eta.

Aukeraketa egitea ez da batere erraza izan epaimahaiarendako: "Buelta mordoa eman dizkiogu argazki bakoitzari, asko dira-eta saria merezi dutenak. Batzuk freskoak direlako, besteak barrea eragiten dutelako... Saridunak aukeratzea zaila izan da". Horren harira, azaldu du teknika aldetik zainduta daudenak jaso izan direla. Goienako kideek eta Bergarako Kiñu argazki dendakoek osatu dute epaimahaia.

Sariak

Saridunek asteon jasoko dute saria. Lehenengoak, Jose Ramon Txintxurretak, Olympus E-510 reflex argazki kamera digitala irabaziko du, Bergarako Kiñu argazki dendaren eskutik. Xabier Arabaolazak aste bukaera bateko egonaldia jasoko du, Arrasaten Bidaiak-en eskutik; eta Mireia Lizarraldek, berriz, Leintz Gatzagako Gure Ametsa jatetxean bi pertsonendako afaria edo bazkaria.

Lehenengo saria: Olatuak

olatuak
Itsasoa bare Zumaiako hondartzan. San Telmotik abuztuko goiz eder batean ateratako irudia. /Argazkia: Jose Ramon Txintxurreta/Oñati


Bigarren saria: txalupa

txalupa

Islako txalupa zahar honek gozatzen duen egunsentietako bat. Argazki hau abuztuan Islan ateratakoa da.. /Argazkia: Xabier Arabaolaza /Oñati


Hirugarren saria: Karakola

karakola

Karakolen antzera gu be etxia bizkarrian hartu eta Pontevedrara juan giñen hango itsasertzeko ilunabar goxuez gozatzera... /Argazkia: Mireia Lizarralde /Bergara

 

 


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak