Jose Mª Aldekoa izendatu dute MCCko presidente

Eneko Azkarate Laspiur 2006ko abe. 15a, 11:55

Jose Mª Aldekoak 2007ko uztailaren 1ean Jesus Catania ordezkatuko du karguan. MCC-ko Kongresu Kooperatiboko Batzorde Iraunkorrak, Juan Mª Otaeguik presidituta, Jose Mª Aldekoa izendatu du gaur, abenduak 15, MCCko Kontseilu Orokorreko hurrengo lehendakaria izateko.



Jose Mª Aldekoak 2007ko uztailaren 1ean Jesus Catania ordezkatuko du karguan, Cataniak erretirorako adinera iritsi eta orduan amaituko baitu MCCko Kontseilu Orokorra gidatzeko aroa. 2007ko lehen seihilekoan biek lankidetza sendoan jardungo dute Lehendakaritzari dagozkion eginkizun guztietan, eta José Mª Aldekoa batera arituko da zeregin horretan eta gaur egun MCCko Automozio Dibisioan duen lehendakariorde karguan.

José Mª Aldekoa Bizkaiko Zaldibar herrian jaio zen, 1947an, eta Ingeniaritza Tekniko Elektronikoa ikasi zuen Mondragon Unibertsitatekoa den Arrasateko Eskola Politeknikoan. Enpresa Zuzendaritzako master bat ere egin zuen.

1973an etxetresna elektrikoetako osagaiak ekoizten dituen Copreci Kooperatiban hasi zen beharrean, Ingeniaritzako teknikari lanetan, eta ondoren Kalitate Kontroleko arduraduna izan zen (1974-75) eta Giza Baliabideetako zuzendaria (1976-81). Aldi berean, 1978tik 1982ra, Kooperatibako Kontseilu Errektoreko lehendakaria izan zen.

1982an Fagor Elektronikako zuzendari gerente izendatu zuten, eta Fagor Taldeko Zuzendaritza Kontseiluan sartu zen. Garai hartan, 1984tik 1991ra, ANIELeko Lehendakariordetzan ere aritu zen (Espainiako Industria Elektronikoen Elkartea), eta 1986tik 1991ra EECAko Zuzendaritza Batzordeko kidea izan zen (Europako Osagai Elektronikoen Elkartea).

1992an MCCko lehendakariorde eta Osagaien Dibisioko zuzendari nagusi izendatu zuten. 1994-1995 biurtekoan, halaber, Kongresu Kooperatiboko eta horren Batzorde Iraunkorreko Lehendakaritzan jardun zuen.

1999. urtean, MCCko Lehendakariordetzan aritzeaz gainera, Automozio Dibisioko zuzendari nagusi izendatu zuten, eta kargu horretan dihardu gaur egun ere. 1999tik 2001era Euskadiko automobilgintzaren klusterreko lehendakaria ere izan zen (ACICAE). Azkenik, 1998tik 2002ra, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Kontseilu Errektoreko lehendakari kargua bete zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak