Jose Luis Elkororentzat 10 urteko zigorra eskatu du fiskalak 'Batasuna' auzian

Julen Iriondo 2010ko api. 8a, 12:51
18/98 auziagatik kartzelan da Jose Luis Elkoro Bergararra, ba orain beste hamar urteko kartzela zigorra eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak ezker abertzaleko militante historikoarendako. 35/02 edo herriko tabernena deitutako auzian eskatu du fiskalak Elkororendako zigorra. ETAko kide izatea egozten dio bergararrari, beste 19 laguni bezala.

Baina guztira 40 lagunendako zigorra eskatu du fiskalak Batasunaren kontrako auzian. Zigor handiena, 12 urte, Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Rufi Etxeberriarentzat, ETAko buruzagi izatea leporatuta, eta zortzi urte beste 17 pertsonarentzat, ETAri laguntza ematea egotzita.

 

Baltasar Garzonek 2008 urtean amaitu zuen 2002an hasitako auzi honen instrukzioa, eta fiskalak bat egin du epailearen arrazonamenduekin, Batasuna ETAren parte dela argudiatuz. Fiskalaren arabera, Batasunak finantzatuko luke ETA, besteak beste, herriko tabernen bidez.

 

Jose Luis Elkorori dagokionez, 2009ko maiatzetik dago espetxean, Palentzian. 75 urte ditu eta osasun egoera delikatua. Hori dela-eta, eta Elkororen egoera giza eskubideen aurkakoa delakoan lantaldea osatu eta haren askatasuna lortzeko tramiteak hasi zituzten otsailean 1976 urteaz geroztik Bergarako hautetsi izan diren eta diren 71 pertsonak. Azken notizia, ordea, kontrakoa da, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak beste 10 urteko zigorra eskatu duela Elkororentzat. Batsaunaren aurkako auzia epaiketa zain dago egun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak