Jende asko agertu zen AHTren aurka, baina ibarreko ez hainbeste

Leire Kortabarria 2007ko mar. 19a, 12:22
'Herriari entzun: AHT gelditu' lelopean, 1.500-2.000 bat lagunek Abiadura Handiko Trenaren aurkako agerraldia egin zuten zapatuan Arrasateko kaleetan. AHTren trazatua pasatzen den herrietatik baino gehiago, eskualdeko beste herrietatik inguratu zen jendea Arrasateko kale agerraldira.

Dei irekia zen, nahi zuten guztiek bat egin zezaten, eta, antolatzaileek, AHT Gelditu! elkarlanak, bi aldetik begiratzen diote erantzunari: "Jende kopuru polita batu ginen, kontuan hartuta, gainera, Atxondon beste agerraldi bat zegoela eta Durango aldeko jendea hara joan zela. Baina, bestetik, gure eskualdeko hainbeste jende ez zen etorri", dio Mila Elortza Elkarlaneko kideak. Hala, agerraldian Oñatiko edo Elgetako jende multzoak egon ziren, baina Arrasate aldekoak, proportzioan, gutxi. "Ibilbidea pasatzen den herrietatik baino gehiago, pasatzen ez den herrietatik etorri zen jendea", dio Elortzak. Gaineratzen duenez, Arabako eta Tolosa edo Donostia aldeko jende asko inguratu zen Arrasatera.


Bihar, martitzena, batzartuko dira antolatzaileak balorazioa egiteko eta AHTren aurkako ekintza gehiago antolatzeko.

"Egoera larria"

Agerraldia 17:30 inguruan abiatu zen Arrasateko plazatik. Besteak beste, poesia errezitaldia, txalaparta emanaldia eta bi bertsolariren saioa ere izan ziren.

Agerraldi horrekin, Debagoieneko AHTren aurkako taldeek "egoeraren larritasunaz" ohartarazi gura izan zuten, eta obren bi zati esleitu eta besteak lizitaziora atera direla gogorarazi zuten. Kaltetuek informaziorik ez jasotzen jarraitzen dutela ere salatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak