Jakionek lantegi berriko aurreproiektua urte amaierarako gertu izan nahi du

Mirian Biteri 2009ko aza. 13a, 17:49
Jakion hausnarketa prozesuan murgilduta dago. Debagoieneko baserritarren fruta eta barazkiak kontserbatan merkaturatzeko enpresak plan estrategikoa egin du eta hortik ateratako konklusio nagusia da epe laburrera lantegi berria behar dutela, gaur egun Jakion dagoen instalazioak txiki geratu dira-eta.

Jakioneko gerente Susana Aiastuik azaldu digu horren gaineko aurreproiektua garatzen dihardutela orain eta urtea amaitu baino lehen amaituta izan nahi dutela: "Betiko filosofia mantenduz proiektua egiten gabiltza. Besteak beste, planta berriaren azalera eta kostua, zenbat langile eta baserritar behar ditugun, merkatua zabaltzeko dauden aukerak eta hori atera ahal izateko eska daitezkeen laguntzak aztertzen gabiltza. Behin betiko erabakia oraindik hartu barik dago".

Kokapena, Gatzagan

Aipatu du asmoa dela instalazio berriak Leintz Gatzagan eraikitzea. Aiastuiren esanetan,  "hasieratik herrian apustua egin zen Jakion hemen kokatzeko. Bestalde, baserriarekin duen lotura ere kontuan dugu. Ez da berdina horrelako enpresa bat Gatzagan edo Arrasaten jartzea; azken horrek industriarekin lotura handiagoa dauka". Dena den, ez dute baztertzen bailarako beste herri batean kokatzea. 

Jarduera berriak

Fruta eta barazkiak kontserbatan egiten jarraitzeaz gain, lehen sektoreari lotutako jarduera berrietan sartzea ere aztertzen ari dira. Karakolak kontserban saldu nahi dituen Etxarriko enpresa batekin daude harremanetan; baita Lumagorrikoekin ere, salda egin nahi dute-eta horiek. Horietaz gain, ardiak dituztenekin ere harremanetan daude, gaztandegia jartzeko aukera aztertzen.

Aiastuik azaldu du, horren harira, oraingo instalazioetan ezin dituztela animaliak sartu: "Planta horretan linea berria sartu beharko genuke; hain justu ere, animalietatik produktuak ateratzekoa. Komeni da proiektua ahalik eta zabalena izatea, administrazioetara laguntza eske joaterakoan horrek pisu gehiago izateko".

Ibilbidea

1996. urtean sortu zen Jakion, Debagoieneko baserrietako fruta eta barazkiekin eskuz eta modu naturalean produktuak gertatzeko sortutako enpresa da; hain justu ere, ekoizpenari irtenbidea emateko baserritarrek sortutako elkartetik sortu zen. Bailarako zortzi udalak enpresako bazkide dira.

Hasieran marmeladak gertatzen hasi baziren ere, laster produktuen eskaintza handitu egin zuten. Gaur egun, 30 produktu inguru dituzte; porru-krema eta kiwiarekin egindako menbrilloa dira berrienak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak