Jai koloretsua eta jendetsua ospatu du Enpresagintza fakultateak

Maider Arregi 2010ko api. 24a, 20:06
Urrezko eztei boroboila ospatu zuen MUko Enpresagintza Fakultateak atzo, barikuan. Inoiz baino parte-hartze handiago azpimarratu dute antolatzaileek. Bazkarian, esaterako, 250 lagun izan ziren Oñati eta Bidasoako campusetik etorriak. Izan ere, Bazkariak, karaokeak eta gaueko kontzertuek batu zituen jende gehien.


Festa koloretsua eta benetan alaia ospatu zuen MUko Enpresagintza Fakultateak. Goizetik, 60ko hamarkadako jantzi dotoreak soinean, ekintza ugarirekin gozatu zuten ikasle zein irakasleek. Krosa, lehiaketak, trikitilariak, karaokea, bazkaria... ekintza mordoa urrezko ezteiak ospatzeko. Parte-hartzea txalotu gura izan du Fakultateak: " Balorazioa ezin hobea da, bai parte-hartzaileen aldetik, eta baita, sortutako giro onagatik ere. Urteurrena ospatzeko ikasleak direla ardatza kontutan hartuta, garrantzitsua zen egun hau berezia izatea, eta uste dugu lortu dugula".

Jaialdiko izarrak

Lore festari amaiera bikaina emateko, kalitatezko hiru talde aritu ziren zuzenean.
Malenkoniak eman zion gauari hasiera. Heldutasuna eta konfiantza lortu dute agertokian. Gertutasuna azaldu zuen seikoteak eta publikoaren erantzuna ezin hobea izan zela azaldu zigun Iñigo Ugarte gitarra-jotzaileak: "Disfrutatu egin genuen emanaldiarekin. Jendea zure abestiak kantatzen ikusteak sekulako satisfakzioa eta indarra ematen dizu". Ilargiruntz, Julietten bidaia edota Cold Play taldearen In my place abestiek, motorrak berotu zituzten. Maiatzerako zuzenekoetarako sorpresa eta abesti berriak prestatzen dihardutela azaldu ziguten.


Ondoren, Potemkinen txanda. Boskote bilakatuta eta taldekide berriekin, indar berrituta azaldu ziren jendaurrean. Rock-and-roll arima stonerrarekin bikain uztartzen dute oñatiarrek. Badakite ikuslea nola erakarri eta aztoratu. Sorpresaz betetako gaua izan zen, eta jarraitzaile sutsuenendako oparia ere izan zen. "Joxe Mariri behar den moduko omenalditxoa egin diogu, eta gurekin agertokira igotzea nahi genuen, beti gurekin izango delako". Hala, Joxeren baxuaren burrunbek eman zioten hasiera Infernuan hit oihukatuari. Sorpresak ere izan ziren, Born To Be Wild abestiaren bertsioa edota maketako Lehertu. Esklusiba eta guzti: Potemkin, Espainiako Estatuko Metal Punk Rock managerren gidaritzapean izango da. Espainian barrena bira egingo dute; hala ere, Europara joateko ateak ere zabalik dituztela azaldu digute.


Giroa bero-bero zegoela hasi zuten emanaldia gaueko izarrek. We Are Satandard taldea eskarmentuduna da eta badaki jarraitzaileekin bat egiten. Taldearen zuzenekoak festa bilakatzen dira. Konfetiz bete zuten gaua ehunka zale kolorez bustiz.
Lehenengo diskoko klasikoak, maketak eta azken diskoko abestiak eskaini zituzten. Hala, Last time, The first girl who got a kiss, Other lips, other kisses edota Waiting for the man bertsio zoragarriak, publikoa erotu zuen. Azken hau, hiru urte daramatzaten jotzen. "Velvelt Undergraund taldearen bertsioa jotzen oso gustura sentitzen gara eta publikoak sekulako erantzuna dauka; gustuko du entzutea eta eskatu egiten digute". Waiting for the man abestiaren bertsioa hiru urtez jotzen dihardutela azaldu zigun Deu abeslariak; Zalantza gabe 60ko hamarkadako lore festari amaiera paregabea emateko 60ko abesti ezin hobea da. "Oñatikoa plaza ona da; Ruper ere hemengoa da eta musikaren indarra nolabait igartzen da".
Orain, Bartzelonara joango dira eta, laster, Ingalaterrara eta Japoniara. Baina, uda aurretik sorpresatxo bat zaleendako: azken diskoaren edizio berri bat kaleratuko dute nahasketa berriak dituen abestiekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak