Izarraitz Aloñak estuasunetan jarri nahi du Soraluze BKE

Xabier Urtzelai 2010eko otsailaren 5a

Lehen territorial mailan derbia jokatuko dute bihar (16:00) Izarraitz taberna Aloña Mendik eta Soraluce BKEk, Zubikoan. Sailkapenak argi asko erakusten du egoera erabat ezberdinetan dauden bi talde direla: mahoneroak gozatzen (20 puntu), eta txantxikuarrak sufritzen (6 puntu).

Sailkapenean bigarren lekuan dago Bergarako taldea, eta Oñatikoa kategoria ez galtzeko borrokan, sailkapeneko azken lekuan. Hala, bistan da biharko derbirako Josetxo Muniategiren mutilak direla faborito: "Baina adi egon behar dugu, Aloñako mutilek %150 emango dute-eta. Bi taldeon artean oso harreman ona dugu, baina neurri berean ondoko bizilaguna gertu-gertutik zaintzen dugu". Azken sei partiduak irabazi eta gero, Muniategik ez du hanka-sartzerik nahi: "Izan ere, horrelako partiduetan dena ondo egin nahi izaten da, eta horrelakoetan posible da itsutzea eta dena ondo egin beharrean dena txarto ateratzea".

Oñatikoek urte gogorra
Bestalde, Benitoren mutilendako urte gogorra ari da izaten, baina joan den astean oñatiarrek Irungo taldearen aurrean erakutsi zuten bizirik daudela (25-29), eta ez dutela amore emateko asmorik: "Talde gaztea dute, eta hori igarri egiten da. Nik dudan esperientziagatik badakit gazteak nagusiekin elkartzen diren lehenengo urtea trantsiziokoa izaten dela, normalean urte txarra. Gero, bigarren urtean hasten dira emaitzak etortzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak