Gertakariak, 2005ean gertatu ziren. Akusatuak lehenengo hizkuntz eskakizuna gainditu zuen Donostian eta hilabete batzuk beranduago bigarren hizkuntz eskakizuna eskuratzen saiatu zen. Horretarako Oñatira joan zen azterketa egitera eta ez zuen gainditzerik lortu. Fiskaltzaren arabera, akusatua Arrasaten aurkeztu zen gero eta hor ere ez zuen azterketa gainditu. Ondoren, Bergaran aurkeztu zuen bere burua, eta azterketa gainditzerik izango ez zuela jakinik, beste pertsona bat bidali zuen azterketa egitera. Haren ordez aurkeztu zenak gainditu egin zuen azterketa eta iruzurtiak eskuratutako ziurtagiria erabili zuen Oreretan aguazil postua eskuratzeko, tartean ustez modu iruzurtian eskuratutako ziurtagiria erabiliz. Hainbat ikerketen ondoren, ustezko ekintzok azaleratu dira eta fiskaltzak zazpi urteko kartzela zigorra eskatzen du iruzurtiarentzat datuak faltsutzea leporatuta.