Irizar mendiko saria irabazita itzuliko da Australiatik

Xabier Urtzelai 2009ko urtarrilaren 25a

Tarteko helmuga batean egindako sprintari esker irabazi ditu Irizarrek mendiko maillota berreskuratzeko behar zituen puntuak: "Ez dut lasterketarik irabazi, baina zerbait irabazita itzuliko naiz etxera", zioen gaur goizean Markel Irizarrek haren lagunarteari bidalitako mezuak. Izan ere, Australian egin duten Tour Down Under proban Oñatikoa aurrealdean ibili da, ihesaldi askotan sartuta, eta sailkapen orokorreko mendiko maillota eskuratu du.

Egueneko etapan jantzi zuen Irizarrek lehenengoz mendiko maillota, podiumera igotzea ez da egunero egiten den zerbait, baina lidergo horrek ez zion asko iraun, egubakoitzeko etapan Andoni Lafuente taldekideak hartu ziolako aurrea.
Irizar, baina, gaurko etapan ihesaldian sartzeko gauza izan da –aurreko egunetan moduan–, eta tarteko helmugetako batean egindako sprintari esker egubakoitzean galdutako mendiko saria errekuperatu du. 

zapatuan inoiz baino hobeto
Azken etapei begira Euskaltel-Euskadiko taldearen helburuetako bat mendiko maillota defendatzea zen, Irizarrek ere aurreratu zuen hori: "Ea Lafu-k edo nik, bietako batek irabazten dugun". Eta, zapatuko etapan inoiz ez bezala ibili zen Oñatikoa: "Zapatukoa izan zen etaparik gogorrena, eta oso gustura geratu nintzen. Egia esateko, sekula ez dut horrenbeste gozatu. Mendate bat birritan igo behar genuen eta lehenengo ihes egindako talde batek egin zuen aurrera. Atzetik beste bost ziklistako talde batek irten zuen, eta ondorengo taldean Hincapie, Luis Leon, Rogers, Armstrong, O' Grady eta beste lau laguneko taldean sartu nintzen. Mendate erdian Armstrong ihes egiten ahalegindu zen, baina ez zuen lortu. Mendateko gainera iristeko kilometro baten faltan Armstrong eta biok batera gindoazen, eta ondokoa 178 pultsaziotara zihoala ikusterakoan moralak gora egin zidan".
Mendatea igo eta berehala atzetik zetorren taldeak harrapatu zituen, eta hurrengo itzulian mendate berak tropelean sarraski handiagoa eragin zuen: "35 lagun-edo geratu ginen aurrean. Eta helmugara iristeko kilometro baten faltan nahiz eta hiru talde tiraka ibili erasoa jo nuen; maldan gora zen azken tarte hori, eta neukanarekin aurrera egin eta 500 metroren faltan harrapatu zidaten; banekien zaila izango zela, baina oso gustura geratu nintzen". Pozik egoteko moduan hasi du Oñatikoak denboraldia.

Tour Down Underreko sailkapena hemen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak