Irailean hiru bidegorri zati berri erabili ahal izango dira gurean

Mirian Biteri 2010ko ots. 15a, 20:18
Urtebetez geldi egon ostean, Debagoienean hasi dira berriro hainbat bidegorritako zatiak egiten. Hain justu, Soraluze-Mekolalde, Bergara-Antzuola eta Eskoriatza-hilerria tarteetan hasi dira langileak egunotan lanean. Diputazioak 2,35 milioi eurotik gora bideratuko ditu tarte horiek egiteko.

Eskoriatzako proiektuaren bidez, herriko iparraldeko eta hegoaldeko bidegorriak lotuko dira, gehiegizko aldaparik gabe. Hilerriaren azpitik doan 200 metroko antzinako trenbide-tunelaz baliatuko da trazatua. Tarte horren luzera txikia da, 300 metro baino ez ditu. Construcciones Mariezcurrena enpresa egiten ari da lan horiek, 797.572 euroren truke. Diputazioaren aurreikuspenen arabera, uztailaren hasierarako amaituko dute.
Soraluze-Mekolalde tarteari dagokionez, zorua egokituko dute eta, Soraluzetik hasita, 4 kilometroko luzera duen zatia argiztatu egingo dute. Proiektuko lanak Campezo Construccion enpresari adjudikatu dizkio Diputazioak. Lanon aurrekontua 876.900 euro da eta irailaren hasierarako horiek amaituta egotea da asmoa.

Bergaratik irten barik, beste tarte bat egokitzen hasi zen joan den astean Dunboa enpresa. Bergara-Antzuola zatiko lehenengo eta bigarren faseko trazatuak 1,52 kilometroko luzera du eta aurrekontua 675.960 euro da. Uztailaren hasierarako bidegorri zati hori funtzionamenduan egotea espero dute.

Likideziarik eza

Diputazioko Garapen Iraunkorreko Departamentuko Beatriz Martikorenak bidegorrien lanek izandako atzerapenaz hitz egin digu: "Obrak geldi egon dira likidezia falta egon delako. Lanak esleituta bazeuden ere, ezin izan ditugu hasi dirua lortu arte".
Bestalde, Martikorenak esan digu Oñati-Zubillaga eta Zubillaga-Epele zatien proiektuak dagoeneko eginda daudela eta laster, esleitzeko prozesuarekin hasiko direla. Horren harira, aipatu du aurten adjudikatuko dituztela.

Ezaugarriak

Bergara-Antzuola. Luzera: 1,52 km. Aurrekontua: 675.960 euro. Enpresa: Dumboa. Lanen iraupena: 5 hilabete.

Soraluze-Mekolalde. Luzera: 4 km. Aurrekontua: 876.900 euro. Enpresa: Campezo. Lanen iraupena: 6,5 hilabete.

Eskoriatza-hilerria. Luzera: 300 metro. Aurrekontua: 797.572 euro. Enpresa: Mariezcurrena. Lanen iraupena: 5 hilabete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak