Irailean hiru bidegorri zati berri erabili ahal izango dira gurean

Mirian Biteri 2010eko otsailaren 14a

Urtebetez geldi egon ostean, Debagoienean hasi dira berriro hainbat bidegorriko zatiak egiten. Hain justu ere, Soraluze-Mekolalde, Bergara eta Antzuola artekoa eta Eskoriatza-hilerria tarteetan hasi dira langileak egunotan lanean.

Eskoriatzako proiektuaren bidez, herriko iparraldeko eta hegoaldeko bidegorriak lotuko dira, gehiegizko aldaparik gabe. Hilerriaren azpitik doan 200 metroko antzinako trenbide-tunelaz baliatuko da trazatua. arte horren luzera txikia da, 300 metro baino ez ditu. Construcciones Mariezcurrena enpresa egiten ari da lan horiek, 797.572 euroren truke. Diputazioaren aurreikuspenen arabera, uztailaren hasierarako amaituko dute.

Soraluze-Mekolalde tarteari dagokionez, zorua egokituko dute eta, Soraluzetik hasita, 4 kilometroko luzera duen zatia argiztatuko dute. Proiektuko lanak Campezo Construccion enpresari adjudikatu dizkio Diputazioak. Lanon aurrekontua 876.900 eurokoa da eta irailaren hasierarako horiek amaituta egotea da asmoa.

Bergaratik irten barik, beste tarte bat egokitzen hasi zen joan den astean Dunboa enpresa. Bergara-Antzuola zatiko lehenengo eta bigarren faseko trazatuak 1,52 kilometroko luzera du eta aurrekontua 675.960 eurokoa da. Uztailaren hasierarako bidegorri zati hori funtzionamenduan egotea espero dute.

Likidezia eza

Diputazioko Garapen Iraunkorreko Departamentuko Beatriz Martikorenak bidegorrien lanek izandako atzerapenaz hitz egin digu: "Obrak geldi egon dira likidezia falta egon delako. Lanak esleituta bazeuden ere, ezin izan dugu hasi dirua lortu arte".
Bestalde, Martikorenak esan digu Oñati-Zubillaga eta Zubillaga-Epele zatien proiektuak dagoeneko egina daudela eta laster esleitzeko prozesuarekin hasiko direla. Horren harira, aipatu du aurten adjudikatuko dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak