Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza Himalayara itzuliko dira, Everest igotzera

Usoa Agirre 2009ko uztailaren 22a

Hiru mendizaleak Everest igotzen saiatuko dira alpetar erara, Hornbein korridoretik. Zailtasun handiko bidea da; behin bakarrik igo da oxigenoaren, sherpen, alturako kanpalekuen eta aurrez jarritako soken laguntzarik gabe. Espedizioa abuztuaren amaieran abiatuko da.

Hornbein Korridoreak zuzen-zuzen gainditzen du munduko mendirik garaienaren iparraldeko aurpegia, 3.000 metroko hormatzarra. Azken 20 urteotan jendetza izugarriak bildu dira Everesteko ohiko bi bideetan, baina Everest masifikatu horren aldean Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak eskalatu nahi duten bideak zazpi igoera baino ez ditu, eta zazpi horietatik bakar bat oxigenorik gabe eta estilo alpetar garbian. 

Irailean kanpaleku nagusian

NATURGAS HORNBEIN 09 espedizioa abuztuaren amaieran abiatuko da. Irailaren aurreneko astean helduko dira taldekideak Kanpaleku Nagusira (5.700 m); Rongbuk glaziarrean ezarriko dute hilabete pasatxoan beren bizilekua izango dena, munduko gailurrik garaienaren iparraldeko aurpegiaren altzoan. Aurrez, hiru taldekideek altuerara egokitzeko programa berritzailea abiatuko dute: etxean bertan, kamera hipobarikoen edo altuera simulatzaileen bidez hainbat saio egingo dituzte. Behin Kanpaleku Nagusira iritsita, aklimatazio hori osatzeko Ipar Lepora igoko dira (7.000 m) eta handik goragoko beste kanpaleku batera (7.400 m) Everesteko ipar-ekialdeko ertzetik. Gailurreko saioak, eguraldiaren arabera betiere, iraileko azken astetik aurrera etorriko dira.

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzaren abentura berriak BAT Basque Team Fundazioaren eta Naturgas enpresaren babesa du beste behin ere. Hiru alpinistek 25 zortzimilako igo dituzte hiruren artean eta eskarmentu handia dute era alpetarrean. Besteak beste, Shisha Pangma, Lhotse, el Cho Oyu, Aconcaguako hego horma eta Lempo Gan mendiak igo dituzte modu horretara.

 

Naturgas - Hornbein espedizioaren dosierra

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak