Iñurrategik Makalu igoko du lehenengoz soka finko eta oxigeno artifizialik gabe

Maider Arregi 2009ko mar. 31a, 10:37
Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejo, Naturgas Makalu’09 euskal espedizioko kideak, atzo arratsaldean abiatu ziren Loiuko aireportutik Katmandurantz, eta gaur dira iristekoak Nepaleko hiriburura. Mendigoizaleak lehenengoz, igo nahi dute munduko bosgarren mendirik altuena soka finkorik gabe eta kanpamendu finkorik gabe. Gainera, ez dute oxigeno artifizialaren laguntza izango.

Makalu mendia (8.463 metro) Beltz Handia izenaz ere ezagutzen da, eta Himalaiako mendi-katean dauden 14 zortzimilakoetako bat da, Nepal eta Tibeten arteko mugaldean kokatutakoa. Mendi hau 1955ean eskalatu zen estreinako aldiz, eta Iñurrategik 1991n igo zuen, bere anaia Felixekin eta Felipe Uriarterekin batera lehen zortzimilakoa egitea lortu zuenean.

Makalura espedizioa

Katmandura heldu ondoren, euskal espedizioak hezgazkin arina hartu eta Tumlingtar-era abiatzeko asmoa du apirilaren 3an. Herri horretatik, oinez joango dira 5.300 metroko altitudean kokatuta dagoen kanpamentu nagusiraino, eta aurreikuspenen arabera, apirilaren erdialderako bertan egotea espero dute. Hiru aste inguruko egokitze-aldia antolatu da, eta denbora-tarte horretan, espedizioko kideak Baruntse mendiko (7.220 m.) tontorreraino iristen ahaleginduko dira. Eguraldia aldeko baldin badute, maiatzaren bigarren astean, Makaluko tontorra zapaltzea aurreikusi dute.

Igoera Makaluko mendebaldeko harroinetik egitea da, zalantzarik gabe, espedizio honen zailtasun eta bereizgarri nagusia, horixe baita Makalura igotzeko biderik zailenetakoa; eta gainera, alpetar modalitatean egin behar dute. Espedizioko hiru kideek esperientzia zabala dute goi-mendiko eskaladan, eta hau ezinbesteteko baldintza da tamaina honetako erronka bati aurre egiteko. Alberto Iñurrategik 15 zortzimilako eginak ditu, Juan Vallejok zortzi eta Mikel Zabalzak bi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak