Gau txarra igaro dute Naturgas Broad Peak espedizioko kideek. Eguen eta egubakoitzean bide berri bat ireki zuten Broad Peak mendiko ipar tontorreraino (7.500 metro). Euren asmoa zen zapatu eta domeka artean beste bi gailurrak igotzea. 7.300 metrora, mendi-lepo batean igaro dute gaua, eta apenas egin dute lo, haize zakarraren ondorioz. Goizean haizeak zakar jotzen jarraitzen zuen, eta egin beharreko lana –gailur nagusira igotzea– arriskutsuegia zen, hortxe daudelako malda gogorrenak, eta eguraldi iragarpenaren arabera haize zakarrak beste bi egun iraun behar zuelako. Hori ikusita, Iñurrategi, Vallejo eta Zabaltzak oinarrizko kanpalekurako bidea hartu dute.
Zabalza: "kanpin denda goian utzi dugu, bueltan joateko aitzakia aparta"
Aurreikuspenen arabera, baliteke datorren astearen erdialdean eguraldi oneko egun batzuk etortzea, baina oraindik goiz da aukera hori zehazteko. Sasoiko daudela erakutsi dute mendizaleek, hiru egunetako asmoa bitan burutu baitute (bide berria zabaldu eta iparraldeko gailurrera igo: 2.700 metroko desnibela, zama guztia gainean eramanaz eta leku ezezagunetik), eta badirudi eguraldia alde edukitzea besterik ez dutela behar euren asmoa burutzeko.